Otsailaren 22an

Korrika eta Euskaraldia hizpide izango dituen Euskara Aholku Batzordearen bilera

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 17a, 09:13

Euskara Aholku Batzordeak biltzeko deia egin du otsailaren 22rako, arratsaldeko 18:30etan Potxoenean. Hizpide ezberdinak hartuko dituzte ahotan; tartean, aurten ospatuko den 22. Korrika eta 3. Euskaraldia.

Euskarari dagokionez, hasi berri dugun urte honetan Euskal Herri mailan hitzordu garrantzitsuak ditugu agendan; gerturatzen ari den 22. Korrika udaberrian eta urte amaierako 3. Euskaraldia. Baina baita herri mailako erronkak ere. Gai hauei guztiei buruz hitz egiteko bilera deitu du Euskara Aholku Batzordeak datorren astearterako, otsailak 22, arratsaldeko 18:30etan Potxoenean.

Aurtengo Korrika eta Euskaraldia izango dira ahotan hartuko dituzten hizpideetako bi. Ekimenon baitan, "Usurbilen egin daitezkeenen aukerak aztertuko dituzte. Horrez gain, bestelako gaiak ere landuko dituzte, besteak beste, harrera linguistikoa", berri eman dute deitzaileek. "Urteko aurreikuspenak azaldu eta plangintza osatzeko saioa izatea nahi dute".

Bertaratzeko gonbita luzatu dute. "Denon ekarpenak eta iritziak jasotzea aberasgarria izango da". 

Korrika
Gogoan izan, eguna finkatua dago; apirilaren 8an, ostiral goizaldeko 6:26 aldera helduko da euskararen aldeko lasterketa geure artera. Aginagako Mapiletik sartuko da, N-634 errepidetik barrena Usurbilera iritsi eta Kaxkoari itzulia emango dio. Handik Santueneara eta Zubietara joko du gero. Mapilen hartutako lekukoa Zubietako hipodromoan emango dio udalerri honek Lasarte-Oriari. Korrikarako materiala salgai dute Etumeta AEK euskaltegian, Korrika Laguntzaile izateko aukera ere eskuragarri. Kilometroak erosteko aukera ere zabalik dago hilabete hasieratik.

Etumeta AEK euskaltegiarekin hartuemanetan jartzeko bideok dituzue:
Nagusia, 43
607 609 379
usurbil@aek.eus
aek.eus
muntteri.blogspot.com.es

Euskaraldia
Korrika bezala bi urtean behin egokitzen den Euskaraldia ere bueltan etorriko zaigu hirugarren edizioarekin, azaroaren 18tik abenduaren 2ra. Herritar eta entitate gehiagorengana heldu nahi du. "Ilusioz, arduraz, gogoz eta emozioz ekingo diogu ariketari. Kaleak beteko ditugu berriz ere, euskaraz hitz egitea inoiz baino errazago izan dadin. Belarriprestok eta ahobiziok aukera berriak izan ditzagun lan egingo dugu elkarrekin, auzoz auzo, herriz herri eta arigunez arigune. Hitzez ekiteko garaia heldu da", dio antolakuntzak.

Parte hartzeko gonbita luzatzen digute Euskaltzaleen Topaguneatik eta AEK-tik. "Euskal Herri osoko euskaldunak, beraz, hitzekin ekitera animatzen zaituztegu, Korrika eta Euskaraldia batzordeetan parte hartzera, hizkuntza-ohiturak aldatzeko dinamikak sustatzera, euskarazko guneak sortzera, eta euskara erabil dadin baldintzak bermatzera zeuen entitateetan edo ingurunean. KORRIKArekin nahiz EUS- KARALDIArekin, berriz kalera ateratzeko garaia da", adierazi zuten Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak eta Kike Amonarriz NOAUA! K.E. kide duen Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak sinatu eta urte hasierako aldizkarian argitaraturiko gutunak.

Informazio gehiagorako:
euskaraldia.eus
korrika.eus