Euskara, garapen ekonomikoa eta enplegua, gazteria, Gizarte Zerbitzuak, hezkuntza, hirigintza, idazkaritza, ingurumena, kirola, kultura eta nekazaritza eta abeltzaintza sektoreetako udal dirulaguntzak onartzekoak zituen ostegun honetan eta udal gobernu taldearen aurreikuspenen arabera, deialdion oinarriak plazaratu eta martxoa hasieran eskabideak aurkezteko epea zabalduko dute. Udaletik iragarri dutenez, 20 egun balioduneko epea izango dute interesdunek eskaerak tramitatzeko.
Hala iragarri zuten, Udalak berak asteazkenean Potxoenean deituak zituen bileretan. Hitzorduotan alor zehatz bateko dirulaguntzei buruz hitz egiteko batu nahi izan zuen udal gobernu taldeak eragileekin; kulturako dirulaguntzez aritzeko hain zuzen. Berrikuntzak iragarri baitituzte aurtengoan eta aldaketon berri eman nahi zuten udal ordezkariek. Batetik, laguntza lerro berri bat zabaldu dute, estreinakoz herriko kultur sormena sustatzera bideratuko dutena. 2021ean eta 2022an hasi edota plazaraturiko sorkuntza lanak babestera 30.000 euro bideratuko ditu udal gobernu taldeak. Eskabideak aurkezturiko norbanako edo taldearen jatorrizko sortze lan bat edo gehiago lagundu ditzake diruz Udalak, baina "eskatzaile bakoitzeko muga 3.000 eurokoa izango da".
Irizpideak
Herriak duen kulturgintzarako "gogoa, jarduna eta zeresana" babestera eta orain arte zegoen hutsune bat bete nahi dute modu horretan, kultur sormena zuzenki ez baitzuen laguntzen Udalak orain arte.
Udaletik berri eman dutenez, "hainbat helburu ditu dirulaguntza lerro berriak: sormena bultzatzea, kultura sare eraldatzaile, dinamiko eta parte-hartzailea sustatzea, herritarrek gozatzeko kultur eskaintza erakargarria, anitza, hurbila eta eskuragarria sortzea, eta era berean, bertako kultura balioan jarri eta gizarte integratzailea eraikitzen laguntzea".
Laguntza lerro berria, sortzaile gisa ibilbidea hasi berri dutenei nahiz jada sortze lan bat edo gehiago plazaratuak dituztenei zuzendua dagoen arren, bereziki estreinako lana izatea kontuan hartuko dute, deialdira aurkezturiko eskaerak baloratzerakoan. Baita "lanaren originaltasuna, sormena eta berritzailetasuna; herriko kultur eta gizarte dinamikekiko lotura; ingurumena, euskara, parekidetasuna, kulturartekotasuna... bezalako alorrekiko erantzukizuna eta eskaeraren lanketa, zehaztasuna eta argitasuna".
Telematikoki
Kultur arloko dirulaguntzetan aipatu moduan beraz, ekintza anitzen antolakuntza laguntzea xede zuen orain arteko ohiko lerroaz gain, kultur sorkuntzara bideraturikoa iragarri du Udalak. Baina badira aldaketa gehiago ere eta horien berri emateko ere deitu zituzten astezkeneko Potxoeneako bilerak.
Eskabideak aurkezteko moduari dagokionean ere aldaketak iragarri baitituzte. Batetik, orain arte bezala pertsona fisikoek udalean presentzialki edo telematikoki aurkeztu ahal izango dituzte dirulaguntza eskariak". Aldiz, "pertsona juridikoen kasuan, soilik telematikoki egin ahal izango dute". Deitzaileek ohartarazi dutenez, "azken urteetan, dirulaguntzen legea dela eta, hainbat aldaketa egin behar izan dituzte udaleko prozeduretan, eta oraindik ere urrats batzuk egiteko ditugu".
Aurrerantzean, "elkarteek, pertsona juridiko gisa, telematikoki eskatu beharko dituzte dirulaguntzak, legeak hala ezarrita. Ondorioz, ziurtagiri digitalik ez duen elkarteak berau lortzeko tramitea egin beharko du Izenperen atarian".
Horretarako, momentuz zehazteke duten formakuntza saio bat antolatzekoa da Udala laster. Laguntza hauetarako nahiz gainerako udal lerrootarako eskabideak aurkezteko epea otsaila amaiera aldera irekitzea aurreikusten du Udalak.