Otsailaren 14az geroztik bertan behera geratuak dira osasun larrialdi egoera eta neurri murriztaile gehienak. Eremu itxietan musukoa erabiltzeko derrigortasunari eusten zaio soilik egun. Beraz, orain arte indarrean ziren edukiera mugak ere ezabatu dira, baita goizaldeko 1:00erako finkatua zegoen jardueren amaiera ordua.
Eta asteburu honetan nabarituko da. Batetik, aipatu moduan, gaueko aisialdi zein ekintzen amaiera ordu mugarik ez da izango aurrerantzean. Edukiera aldetik ere espazio ireki eta itxiak %100ean erabili ahalko dira. Herriko kirol taldeen norgehiagoketan edota ostalaritza guneetan besteak beste.
Eta garraio zerbitzuetan ere nabariko da. Iragan asteburura arte, azken asteotan goizaldeko 2:00etan finkatua zuten azken garraio zerbitzuen irteera ordua ere ezabatua dago jada. Egunotan Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri duenez, asteburu gauetako autobus zerbitzuen ohiko ordutegia martxan izango da ostiral honetatik aurrera. Beraz, ostiral gauetan Donostia aldera, azken zerbitzuak 22:10ean, 22:35ean eta 23:35ean izango dira. Oriorantz, 23:40, 00:25 eta 01:25ean.
Larunbatetik iganderako gauean aldiz, 60 minuturo izango da autobus zerbitzua, garai batean bezala. Usurbildik Donostiarantz orduotan: 23:35, 00:35, 01:35, 02:35, 03:35, 04:35, 05:35. Oriorantz orduotan: 23:55, 00:25, 01:25, 02:25, 03:25, 04:25, 05:25, 06:25. Informazio gehiagorako: lurraldebus.eus
Azkenik, sagardotegirako plana egina duenak, aurrerantzean, sagardoa zuzenean txotxetik dastatu ahalko da. Nahi duenari mahaian zerbitzatu eta mahaitik edateko aukera eskaintzen segiko zaio, azken aldian bezala.