Goiz mugitua gaurkoa N-634 errepidean, errepide honetarako sarbideetan eta baita inguruko bideetan ere. Gidari bat baino gehiago aurkitu da ez aurrera ez atzera, bai Donostiarantz, baita Usurbilerantz ere. Ezustean, aldez aurreko jakinarazpenik gabe lanak hasi ditu berriz Gipuzkoako Foru Aldundiak N-634 errepidean, Txikierdi parean. "Jakinarazpen ofizialaren faltan, ehunka herritar bezala, udala ere ezustean harrapatu du", ohartarazi du Udalak.
Iaz Troia Txikierdirekin lotzen duen bide zati parean dagoen mendi malaga egonkortzeko lanak egin zituzten eremu berean, erreil bat itxi eta ibilgailuen joan etorria kudeatzeko semaforoa jarri dute. Usurbilgo Udalak ohartarazi duenez, gutxienez hamabost bat egunez luzatuko dira lanok.
Aipatu moduan, ezustean hasi ditu Aldundiak obra hauek ostiral goiz honetan. Eragin nabarmena izan du trafikoan, ondoko irudiotan ikus daitekeen moduan. Troia-Txikierdi bide zatitik Oxtaperainoko auto-ilarak sortu dira. Inguruko bideetan ere eragin zuzena izan du, bereziki Bizkarre, Santuenea eta Zubieta lotzen dituen herri-bidearen bueltan. Aurrera egin ezinik egon dira, ikastera nahiz lanera Donostiara bidean zihoazen nahiz Usurbil aldera zetozen hainbat ibilgailu.