Ibaia lehengoratzearen beharra nabarmendu zuten antolatzaileek, bertako “bizia berreskuratzeko”. Eta ur bizien kanalak “Usurbilgo gizarteari ez diola onura estrategikorik” ekarriko adierazi zuten.
Presa eraitsi gabe bere horretan mantentzea gainera, beste hainbat guneetako joeratik urruntzen dela ohartarazi zuten. Hizlariek aipatu zutenez, Europako 44 talde ari dira “ibaiak berreskuratzen kontinente osoan”. Gipuzkoan bertan, presak eraisteko talde bat lanean ari da, Deba arroan, erabiltzen ez diren “Mendaro-Arrasate arteko 15 presa” ezabatzekoak dira Elosegiren esanetan.
“Presa mantenduta, inpaktua mantentzen da”
Usurbilgoa eraistearen aldeko argudioak eman zituzten. Batetik, “40 urteotan ez dago erabilpenik, geldirik dago”, Anerrekako batzarrean ziotenez. Presek eragin ezkorra dutela ohartarazi zuten erreken ekologian, hainbat arrainei “pasabidea ixten zaie, autodepurazio gaitasuna murrizten dute”. Presa eraisteak aldiz besteak beste, uholde arriskua mugatuko lukeela zioten. Gipuzkoan botatzea aurreikusten diren presen artean dago Orbeldikoa Foru Aldundiak ibaien oztopoei buruz egina duen lan batean jasoa duenez. Usurbilgo Udalak ere “Errioa bizi” prozesuaren baitan egindako lanketan hala egitea proposamen gisa jasoa duela gogorarazi zuten.
“Presa mantenduta, inpaktua mantentzen da”, zioen Elosegik Sutegira joandako ikus-entzuleen artetik eginiko galderei erantzunez. “Justifikatutako eragina baino inpaktu askoz handiagoa da”, Saroberen esanetan. Eta horri, ur bizien kanalaren proiektua gehituz gero, “jende askok erabiltzen badu arrainek gutxiago erabiliko dute”. Eragin ekonomikoa ere ahotan hartu zuten. “Ez dago zertan lehenetsi obra hau, oso garestia baita halakoak mantentzea”. Sarobek gaineratzen zuenez, “kanala eginda ere, presa eraitsi behar da kasu guztietan”. Udalari hala adierazi ziotela berri eman zuten Sutegin.
“Tramitazioaren oso hasieran”
Herri batzarrean zehar udal gobernu talde baten ordezkaritzak hartu zuen hitza, ur bizien kanalaren egitasmoa zertan zen azaltzeko. 2016-17 urteen bueltan piraguismo federazioak erositako lurretan sustatu nahi duten proiektua dela azaldu zuten. Eremuaren berrerabilera baten moduan planteatzen dela. Egun erabat utzia dagoen zonaldearen baldintzak hobetu, “ibaiaren dinamikaren arabera funtzionatuko luke” eta “aisialdirako nahiz Eskola Kirolerako” aukerak ekar ditzakeela nabarmendu zuten. Gaiak dituen ertz guztiak aintzat hartzearen alde agertu zen udal ordezkaritza. 2020ko irailean emandako hasierako onarpena du egitasmoak, tarte hartan alegaziorik ez zela aurkeztu gogora ekarri zuten. Eta egun tramitazio betean dela, “tramitazioaren oso hasieran dagoen proiektua da oraindik”. Hainbat txosten sektorial eta baiezkoen faltan dela ur bizien kanala. Besteak beste, Aldundiarena. “Oriaren ekosisteman eraginik izango duen adierazi beharko du”. Eta alegazioak aurkezteko aukera izango da gerora.