Euskara Aholku Batzordearen bilera gaur

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 22a, 07:50

Aurten ospatuko diren Korrika edota Euskaraldia hartuko ditu ahotan astearte honetarako, otsailaren 22rako deitua dagoen Euskara Aholku Batzordeak.

Udaberrian ospatuko den 22. Korrika eta urte amaierako 3. Euskaraldia hizpide izango ditu astearte honetarako, otsailak 22, deitua dagoen Euskara Aholku Batzordeak. Euskararen aldeko lasterketa gogoan izan, apirilaren 8an goizaldeko 6:00ak pasatxoan igaroko da inguruotatik. Urte amaieran ospatuko da bestalde, Ahobizi, Belarriprest eta ariguneak euskararen bueltan dantzan jarriko dituen hirugarren Euskaraldia.

Aipatu moduan biharko Euskara Aholku Batzordeak gaiok izango ditu hizpide, arratsaldeko 18:30etan Potxoenean finkatu duten hitzorduan. Ekimenon baitan, "Usurbilen egin daitezkeenen aukerak aztertuko dituzte. Horrez gain, bestelako gaiak ere landuko dituzte, besteak beste, harrera linguistikoa", berri eman dute deitzaileek. "Urteko aurreikuspenak azaldu eta plangintza osatzeko saioa izatea nahi dute".

Bertaratzeko gonbita luzatu dute. "Denon ekarpenak eta iritziak jasotzea aberasgarria izango da". 

Korrika
Gogoan izan, eguna finkatua dago; apirilaren 8an, ostiral goizaldeko 6:26 aldera helduko da euskararen aldeko lasterketa geure artera. Aginagako Mapiletik sartuko da, N-634 errepidetik barrena Usurbilera iritsi eta Kaxkoari itzulia emango dio. Handik Santueneara eta Zubietara joko du gero. Mapilen hartutako lekukoa Zubietako hipodromoan emango dio udalerri honek Lasarte-Oriari. Korrikarako materiala salgai dute Etumeta AEK euskaltegian, Korrika Laguntzaile izateko aukera ere eskuragarri. Kilometroak erosteko aukera ere zabalik dago hilabete hasieratik.

Etumeta AEK euskaltegiarekin hartuemanetan jartzeko bideok dituzue:
Nagusia, 43
607 609 379
usurbil@aek.eus
aek.eus
muntteri.blogspot.com.es

Euskaraldia
Korrika bezala bi urtean behin egokitzen den Euskaraldia ere bueltan etorriko zaigu hirugarren edizioarekin, azaroaren 18tik abenduaren 2ra. Herritar eta entitate gehiagorengana heldu nahi du. "Ilusioz, arduraz, gogoz eta emozioz ekingo diogu ariketari. Kaleak beteko ditugu berriz ere, euskaraz hitz egitea inoiz baino errazago izan dadin. Belarriprestok eta ahobiziok aukera berriak izan ditzagun lan egingo dugu elkarrekin, auzoz auzo, herriz herri eta arigunez arigune. Hitzez ekiteko garaia heldu da", dio antolakuntzak.

Parte hartzeko gonbita luzatzen digute Euskaltzaleen Topaguneatik eta AEK-tik. "Euskal Herri osoko euskaldunak, beraz, hitzekin ekitera animatzen zaituztegu, Korrika eta Euskaraldia batzordeetan parte hartzera, hizkuntza-ohiturak aldatzeko dinamikak sustatzera, euskarazko guneak sortzera, eta euskara erabil dadin baldintzak bermatzera zeuen entitateetan edo ingurunean. KORRIKArekin nahiz EUS- KARALDIArekin, berriz kalera ateratzeko garaia da", adierazi zuten Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak eta Kike Amonarriz NOAUA! K.E. kide duen Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak sinatu eta urte hasierako aldizkarian argitaraturiko gutunak.

Informazio gehiagorako:
euskaraldia.eus
korrika.eus