Buruntzaldean euskaraz

"Gidabaimena ateratzeko orduan ere euskararen aldeko hautua egitera bideratzeko lanean segiko dugu"

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 21a, 16:29

Hamabi urte daramate Buruntzaldeko udal eta autoeskolek gidabaimena ere euskaraz ateratzeko gonbida luzatu eta sektorea euskalduntzeko lanetan. Konpromiso honi eutsi eta egitasmo hau indartzeko hainbat erronka bete asmoz agertu dira astelehen honetan Andoainen hedabideen aurrera, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udal ordezkariak, baita elkarlan honetan diharduten autoeskoletako kideak ere. Iaz gidabaimena euskaraz ateratzeko hautua egin zuten eskualdeko herritarren artean 400 euroko 9 sari zozketatu dituzte.

Egitasmo honen balantzea marrazten lagundu dezakeen datu bat; 12 urteotan 1.192 herritarrek prestatu eta gainditu dute gidabaimena euskaraz eskualde honetan. Goranzko joera izan zuen lehen urteetan, "2014an jo zuen goia, jaitsiera izan zen gero eta 2019an kopuru on samarra izan arren, azken bi urteotan jaitsiera egon da", bizi izan dugun osasun krisialdiak baldintzatuta. "Espero dezagun berriz ere kopuru handiagoetara heltzeko moduan izatea hurrengo urteetan".

Hortxe aurrera begirako erronketako bat; "kualitatiboki handitzea gustatuko litzaigukeen kopurua" dela adierazi dute. Modu horretan, egitasmo honi segida emateko konpromisoa adierazi dute gaurko agerraldian, ekarpen baliagarritzat jotzen baitute. "Gazteak dira zozketa honetan saritzen ditugunak, D ereduan egiten duten ibilbideari aitorpena eginez". 18 urteak beteta bizitzako etapa berri batera igarotzeko mugarria izaten den gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera ematea garrantzitsutzat jotzen dute. 

Udalez gaindiko erakundeei deia
Ekarpen hau gauzatzeko, alor hau euskalduntzeko ikasleen eta autoeskolen ahalegina eskertu dute Buruntzaldeko udalek. Baina ez da aski gaurkoz, atal praktikoa ere hizkuntza berean atera ahal izatea bermatua egoteko. "Ez da aurrerapausorik eman. Urratsak emateko garaia izan daitekeela uste dugu, aztertzaileak euskaldunak izan eta eredu horretan bide bat egiteko". Bide horretan, "udalez gaindiko erakunde batzuk indarra egin behar lukete". Bai atal praktikoa euskalduntzeko, baita kalitatezko azterketa ereduak garatu, materiala hobetu eta digitalizazioan ere beste urrats batzuk emateko. "Gidabaimena digitalki ateratzeko aukera handitzea ere beharrezkoa ikusten dugu".

Sektorea euskalduntzeko bidea ez da erraza izaten ari. Baina "zailtasunak zailtasun aurrerapausoak emateko, terminologia bateratua sortu eta euskararen erabilera sendotzen jarraitzeko asmo irmoa dugu eta argi dugu Buruntzaldeako herritarrek gidabaimena ateratzerako orduan euskararen aldeko hautua egitera bideratzeko lanean segiko dugula".

Egitasmoaren edizio berriari maiatzean ekingo diote. Gai honi buruzko informazioa eta gidabaimena euskaraz ateratzera gonbita luzatzeko informazioa helaraziko diete aurten 18 urte beteko dituzten eskualdeko herritarrei.