Inauteriak

"Romanaren torradak" dastagai datorren mozorro festan

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 22a, 08:39

Inauteri Festa egunean, sabela pozteko aukera eskainiko digute oroimen historikoa berreskuratzearen alde lanean diharduen Usurbil 1936 elkartekoek. “Romanaren torrada mun-di-a-lak!” eta egin berriak salgai jarriko dituzte otsailaren 26ean, eguerdi partean plazan.

Torrada bakoitza 1,50 euroren truke, 5 torrada 6 eurotan. Bildutako laguntza Usurbil 1936 elkarteak dituen gastuei aurre egiteko baliatuko dute. Apropos hautatu dute plazan salgai jarriko duten elikagaia eta jatekoaren izena. “Garaiko postrea da. Romanaren torradak izendatu ditugu, Romana Zubiria frankistek exekutatu zuten aginagarraren oroimenez”, aipatu herri bilgunetik NOAUA!ri azaldu diotenez.

36ko gerran eraila
Eta nor zen torradei izena jarri dioten herritarra? Usurbil 1936 elkartetik argitu dutenez, Aginagan jaio eta hazi zen Romana Zubiria Urruzmendi. Donostiara joan zen bizitzera Eusebio Larzabal añorgarrarekin ezkondu ostean. Hiru seme-alaben ama, Loiola auzoa zuen bizileku eta baratzean lantzen zituen produktuak Groseko azokan saltzen aritzen zen. 1936ko gerra hasitakoan, aipatu herri bilgunetik gogorarazi dutenez, “frankistek bere senarra eraman zuten etxetik seme zaharrenarekin zegoela. Romana etxera itzuli zenean aita non zegoen galdetu zion semeari”. Semeak erantzun zionez, “bi gizon etorri dira eta eraman egin dute”. Senarraren arrastoaren bila atera eta Romana ere ez zen etxeratu berriz. “1936ko irailaren 26an biak exekutatu zituzten. Hori da senideek dakiten gauza bakarra. Romanak 45 urte zituen. Beren gorpuak ez dira inoiz aurkitu”.

Usurbil 1936 elkarteak bere omenez izendatu ditu Inauteri Festan salgai jarriko duten jakia; “Romanaren torradak”. Ospakizun honetan hain ohikoa eta aspaldidanikoa den postre hau Romanak “oso modu goxoan prestatuko zuelako”. Romanaren 94 urteko bere alaba Maria Luisa bizirik da eta Usurbil 1936 elkarteari kontatua dionez, familiaz eta baratzeko lanez arduratzeaz gain, Loiolako taberna bateko sukaldari laguntzailea omen zen. “Ama oso sukaldari ona zen”.