Aldea badago eta, gizon eta emakumeek hilero kobratzen duten soldata edo pentsioen artean. "Nahiz eta emakumeek inoiz baino gehiago parte hartzen duten lan-merkatu horretan, nahiz eta inoiz baino prestatuago egon eta inoiz baino argiago izan autonomia ekonomikoaren beharra, gaur egungo soldatetan arrakala hori dago oraindik: EAEn %23koa da, eta 2015etik 1,7 puntu baino ez da murriztu".
Pentsioen kasuan, "gizonena baino %37 txikiagoa da, gutxi gorabehera" emakumeena EAE-n. Zergatia azaldu nahi izan du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendutik. "Pentsioen genero-arrakala ez da gertatzen emakumeek ez dutelako lanik egin. Askotan lan egin dute lanaldi bikoitzekin, etxean eta etxetik kanpo. Lanpostu prekarioen eta soldata baxuen zati handi bat emakumeek betetzen dituzte. Horrek guztiak zuzenean eragiten dio kotizazio-denborari, eta, beraz, murriztu egin du gaur kobratzen duten pentsioa".
Ondorio argia du horrek guztiak; "emakume pentsiodunek gizoneko baino arrisku handiagoa dute pobrezian egoteko. Euskal Herrian emakume asko eta asko dira hilabete amaierara iritsi ezin direnak, eta 63.000 alargun 1.080 eurotik behera daude".
Mobilizaziorako deia
Testuinguru honetan mobilizatzeko beharra nabarmentzen dute. "Emakumeei dei berezia egiten diegu astelehenero egiten diren mobilizazioetan parte har dezaten, Pentsioen Sistema Publikoaren defentsa eta hobekuntzaren alde. Baina, era berean, dei egiten dugu gero eta gehiagok parte har dezaten mobilizazioak aurrera atera daitezen, bozeramaile izanez eta beharrezko lan guztiak eginez".
Pentsio publiko eta bidezkoak defendatzen segitzera deitzen dute; era berean, oraindik gauzatzeke dauden eskaerak plazaratzera; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa; alarguntza-pentsiorako %100 bermatzea; EAEn eta Nafarroan 1.080 eurotik beherako pentsioak kopuru horretara arte osatzea; "egiturazko neurriak eskatzen ditugu genero-arrakala gainditzeko, bai pentsioetan, bai soldatetan".