"Egongela itxura hartzen genion" eta itxura hori eman nahi izan dio Usurbilgo Udalaren enkarguz, Juntura kooperatibak biltzen duen arkitektura taldeak Usurbilgo Sagardo plazari. Orain arte sagardogintza irudikatzen duen iturri bat zuen, eserleku batzuk. Bizilagun nahiz herritarrentzat pasabide bat baino ez da izan; geltokia, egoteko gunea izatea nahi dute aurrerantzean.
Jada erabiltzeko prest diren eserita edo etzanda egoteko eserlekuak, mahai bat eta gordailu bat ere erantsi dizkiote. 24 orduz zabalik izango den gordailu horrek egoteko, aisialdirako hainbat tresna eskainiko dizkie bertaratzen direnei; liburuak, aldizkariak, jolasak...
Kanpotik, barrurako deia
Juntura kooperatibako ordezkari Nagore Arana Goñik, eremu berritua aurkezteko aste hasiera honetako agerraldian azaldu zuenez, "erabilera urria" zuen herri erdigunean kokaturiko Sagardo plaza biziberritu nahi izan dute itxuraz eta mamiz, "beste espazio mota bat sortzeko". Eskuhartze handirik gabe, "zegoenaren gainean jardutea" zuen xede Usurbilgo Udalak. "Bertan zeuden elementuekin jolastea" nahi zuten. Gune atsegin bat sortu, egongela moduko bat baina espazio ireki batean. "Plazak dituen ezaugarriengatik eta itxuragatik oso bildua da. Trafikoarengandik babestua dago, oso lasaia da, umeak bertan egon daitezke". Plaza biziberritzeko Udalak herri eragile ezberdinekin dinamizatuko duen aipatu gordailua erantsi diote.
"Plaza osoari bateratasun bat ematen dion elementu bat txertatu" nahi izan dute baita. Horretarako "kolore deigarri" bat, horia erabili nahi izan dute Junturakoek; Udalaren ausardia eskertu nahi izan dute. Horiz koloreztatu nahi izan dituzte plazako elementu berrien egiturak baita. Lehendik zeudenak ere; farolak esaterako, edota Sagardo plazarako sarbideak. Diseinuarekin jolastea gustuko dutenez, "gure jolasa hori izan da. Kolore horrekin eta elementu geometriko ezberdinen bidez lotura horiek sortzea" eta kanpotik ikusten ez den plaza bat izanik, kolore horren bidez kanpotik "barrurako dei hori egitea". Horia argitasunaren sinbolo izanik, "polita iruditzen zaigu farolek" ere kolore bera izatea.
Juntura kooperatibak diseinaturikoa da Sagardo plaza, baina Udalarekin elkarlanean jardundakoak dira lehendik ere; haien diseinu lanak dira esaterako, Potxoenea ondoko Olanoenea plazako altzariak.
"Bilduma bizia"
Itxuraz arduratu dira Juntura kooperatibakoak. Mamia Sutegi udal liburutegiak eta Udaleko Kultura Sailak jarri dio Sagardo plaza eraberrituari. Aipatu moduan, bertara joaten bazarate gordailu batekin topo egingo duzue. Udalak herri eragile ezberdinekin dinamizatu nahi duen txokoa; Bihurri ludotekarekin eta Gaztelekuarekin esaterako, ekarpen ezberdinak bildu asmo dituzte. Une oro zabalik izango da. Barruan, liburutegiak nahiz udal Kultura Sailak egindako materialen hautaketa bat aurkituko duzue. Emandakoak, errepikatutako edukia... Kontsumo aisialditik haratagoko eskaintza bat plazaratu nahi zutela argi zuten. Patxada ederrean egoteko eremu bat izatea nahi dutela jakinik, "ikusten genuen unean bertan irakurtzeko materiala izan behar zuela; gainbegiratzeko edo irudiak ikusteko", adierazi du aste hasiera honetako aurkezpenean, udal liburutegiko langile Bakartxo Iguaranek.
Bertan irakurri eta bertan uzteko baliabideak. Gordailuko atean irakur daitekeen moduan, "irakurri, gozatu, jolastu, hartu eta bere lekuan utzi". Hurrena datorrenak gozatzen segi dezan.
Sutegin izaten dute pilatzen zaien materiala; eduki errepikatuak, eman eta han utzitakoak... "Genuen materiala atera eta mahai gainean jarri genuen". Zutenetik eskaini nahi zuten eta dutena berrerabili. "Multzo horretatik zerbait orekatua eta txukuna eskaintzen saiatu gara". Adin tarte guztientzat, genero literario ezberdinak (aldizkariak, ipuinak, olerki liburuak...), euskara ardatz hartuta. Kultura Sailak jarritako jolas batzuk ere badaude. "Bilduma bizia" izango dela ohartarazi du Iguaranek. "Joango gara ikusten zer izan daitekeen erabiliena" eta horren arabera berritzen segi nahi lukete.