Sagardo plaza biziberritua erabiltzeko prest

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 22a, 13:23

Herriko txoko ezberdinak biziberritzen dihardu Usurbilgo Udalak azken urteotan; azken eskuhartzea, Sagardo plazari egokitu zaio. Azken aldian Juntura kooperatiban bildutako arkitektura taldeak diseinaturiko egiturak kokatu eta plaza itxuraz berritzen aritu dira. Erabiltzeko moduan duzue jada. 

"Erabilera urria duen plaza batean gaude eta horregatik erabaki dugu hemen eskuhartzea", zioen estreinako prentsaurrekoa zuen lana, enplegu sustapen eta garapen ekonomikoko zinegotzi Ainhoa Arrospide Landak Sagardo plaza itxura berritua aurkezteko aste hasiera honetan egin duten agerraldian.

Helburu bikoitza zuen Sagardo plazan Junturakoen eskutik bideratu duten eskuhartzeak. "Kaleko bizitza eta herri merkataritza" suspertzea, biziberritzea. Biak ala biak "banaezinak diren binomio bereko kideak dira. Batak ezin du iraun bestea gabe". Bi ikuspegiok txertatutako hirigintza lanak bideratzen ari da azken urteotan Udala. Sagardo plazaren aurretik, Mikel Laboa plaza oinezkoentzako egokitu zuten, baita plaza honen sarbideak (Zubiaurrenea eta Errekatxikoak, edota Olarriondo eta Artzabalgoak) eta beste kaleekin dituen lotuneak; Kale Nagusira jaisteko Irazu, Etxebeste eta Irutasuna kaleak eraberritu zituzten. Kale Nagusia 10eko pasabidea ere argiztatu eta koloreztatu zuten. Potxoenea ondoko Olanoenea plazatxoa altzariez hornitu. Egitasmook lokal hutsen eta espazio publikoen aktibazioa xede duten "Guztion" programaren baitan kokatzen ditu Udalak.

"Egoteko gune atsegin bat eskaini nahi izan dugu"
Sagardo plazaren txanda orain. "Gure ustez espazio publikoa aktibatzeko proiektuaren funts nagusiak bi dira; batetik, kale espazio atseginak sortzea eta horren ondorioz jendea hemen egoteak mugimendua sortzen du eta hori merkataritzaren mesedetan izan daitekeela uste dugu", Arrospideren esanetan. Horrekin batera, "espazio publikoaren erabilera dibertsifikatzeari, modu anitzean erabiltzeko baliabideak eskaintzeari, inklusibotasunari... garrantzia ematen diogu hirigintza ikuspegitik eskuhartze bat egiterakoan".

Horren isla izan nahi du herrian zehar egiten ari diren eskuhartzeak baita Sagardo plaza ere. "Oinezkoei keinu bat egiten diegu hona sar daitezen. Haien arreta erakarri nahi izan dugu, hona kolore biziekin gerturatzeko. Egoteko gune atsegin bat eskaini nahi izan dugu bai haur zein helduentzat".

Eremu eraberritua erabiltzeko gonbita luzatzen du Udalak. "Aldizkari bat irakurri, eserita egon, mahai-jolas batean jokatu, elkarrizketa bat izan, eguzkia hartu... norberak erabilpen egokia eman diezaiola". Usurbilgo merkataritza biziberritzeko plana ardatz gisa baliatuta, Sagardo plazan edo lehendik txoko gehiagotan eginiko eskuhartzeen bidea jorratzen segitzeko asmoa agertu du udal gobernu taldeak.