Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren inguruko galdetegiak parte hartze nabarmena sustatu du

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 23a, 09:42

Bi astez online nahiz paperean eskuragarri izan den galdetegia 401 herritarrek bete dutela berri eman du Usurbilgo Udalak. Herritar guztiei zuzenduriko bi bilera iragarri dituzte ate joka dugun martxorako.

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren inguruan "kirol politikak modu zabal eta inklusibo batean garatu ahal izateko" Usurbilgo Udalak herri eragileekin batera abian duen "Aktibatzen" izeneko prozesuaren baitan, galdetegi bat betetzeko aukera izan zen otsailaren 7tik 18ra. Deialdiak parte hartzea sustatu du. Udalak zehaztu duenez, 401 herritarrek bete dute aipatu galdetegia, eta hauei DBH zikloko beste 220 ikasle inguruk erantzundako aparteko beste hainbeste galdetegi batu behar.

Galdetegioz gain, hainbat bilera egin ditu jada Udalak kirol arloko herri eragileekin. "Harrera ona izan dute bai taldeekin egindako bilerek, bai galdetegiak: parte-hartze zabala izateak herriko jarduera fisikoaren eta kirolaren argazki zehatzagoa izaten lagunduko digu”, nabarmendu du Beñat Larrañaga kirol zinegotziak. Orain arte bildutako emaitzak prozesu amaieran aurkeztu asmo dituzte.

Parte hartze prozesua abiatu baino ez da egin. Herria "aktibatzen" jarraitu nahi dute martxoan. Eta horretarako bi bilera ireki deitu dituzte; bat martxoaren 10erako bestea martxoaren 31rako, arratsaldez, 18:00-20:00 artean Potxoenean. Egitasmo honen testuinguruan osatutako talde eragileak bestalde, bilera bana egingo du martxoan eta apirilean.