Santixabelak antolatzeko lehen bilera deitu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2022ko otsailaren 24a

Gauzak okertzen ez badira, aurtengoan Santixabel jaiak ospatu ahal izango dira. Udaleko Kultura sailak ideia hori du buruan, baina egitarauari heldu aurretik, festen inguruko hausnarketa egin nahi du. Martxoaren 2an asteazkena, Potxoenean elkartzeko deia luzatu du Udalak. 18:30ean hasiko da bilera.

Usurbilgo Udaleko Kultura sailak bilerara deitu du martxoaren 2rako, Santixabelak antolatzeko. "Covid-19a dela eta, 2020an eta 2021ean ez da Santixabelik ospatu, eta, horren ordez, Kultur Bira antolatu izan dugu, osasun neurriak bete eta, aldi berean, kultur eskaintza bermatzeko herriko hainbat txokotan. Aurten, ordea, pandemia aurreko eredura itzultzeko aukera mahai gainean jarriko dugu, Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdi egoera indargabetu ostean".

Baina Kultura sailak aditzera eman duenez, ez da festen antolaketako ohiko bilera izango: “Lehenengo, hausnarketa saio bat egin nahi dugu herriko eragileekin: nolako Santixabelak nahi ditugun, Kultur Biratik zerbait berreskuratuko dugun, eta abar”.

Bilera martxoaren 2an asteazkena egingo da, arratsaldeko 18:30ean Potxoenean.

Irudia, artxibokoa.