Parke eoliko bat eraiki nahi dute Andatza ondoan; hala ondorioztatu daiteke, ostegun honetako (otsailak 24) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak dakarren iragarkia irakurtzen badugu. Ohartarazpena, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren izenean dator, Industria Administrazioaren Gipuzkoako lurralde-ordezkariarena da. Eta hala dio; "Ezkeltzu parke eolikorako aurretiaz aurkeztutako administrazio-baimenaren eskaera iragartzen da".
Usurbil eta Zizurkilgo lurretan dagoen eremuaz ari da. Andatza hegoaldean kokatua dagoen 508 metroko garaiera duen mendigunea dugu Ezkeltzu. Zizurkil, Aduna, Usurbil nahiz Aia ingurutik igo liteke bertara.
20 egunez
Aurretiazko administrazio-baimenaren eskaera aldiz, "Green Capital Development XLIV SLU" izeneko enpresak bideratu du. Egoitza Madrilen du. Argindarra sortzen dihardu lanean, "energia berriztagarriak" baliatuta; mareak, eguzkia, edota kasu honetan bezala, haizea baliatuta.
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeko iragarkiak ohartarazten duenez, 4 aerosorgailu eraikitzeko eskatu du aipatu aurretiazko administrazio-baimena. "Instalatutako potentzia gordina" 18 MW-koa da.
Aipatu moduan baimen eskaera hau jendaurrean izango da 20 eguneko epean. "Hori guztia argitara ematen da, hogei eguneko epean, iragarki hau 115/2002 Dekretuaren 4. artikuluan aipatzen diren aldizkarietan azken aldiz argitaratu zen egunetik zenbatzen hasita, parke eoliko hori ezarri eta ustiatzeko interesa duten pertsona fisiko edo juridikoek lehian eskabideak aurkeztu ahal izan ditzaten, dekretu horren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera, Industria Administrazioaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan izapidetze elektronikoko plataformaren bidez".