Lur Errekondo: “Nabarmena da emakume gazte asko dagoela herri kiroletan”

Erredakzioa 2022ko ots. 24a, 13:37

Kirola praktikatu eta ulertzeko moduak asko ari dira aldatzen azken aldian. Emakumeek gero eta presentzia gehiago dute kirol guztietan, eta geroz eta gehiago ari dira agertzen komunikabideetan. Gezurra badirudi ere, harri jasotzaileen kasua ere horixe bera da. Usurbilen bertan, berriki bi emakumezko hasi dira harri jasotzen: Lur Errekondo eta Ane Zinkunegi. Lur Errekondorekin izan da NOAUA! kirol honen nondik norakoak ezagutzeko.

NOAUA! Eskubaloian aritzeagatik ezagutzen zaitugu gehien bat. Aspaldian, Bera Bera eta Zarautzen ibiltzen zinen, baina azken aldian pistetatik kanpo zabiltza. Orain erabat utzita daukazu?

Lur Errekondo: Lesioak besterik ez dut izan. Bizitza osoan jasan behar izan ditut lesioak eskubaloian ibili naizenean. Ez naiz kaskar ibili, eta nahiz eta oso-oso gustora aritu naizen, jokatu dudan bezain beste denbora egon behar izan dut geldirik lesioen ondorioz. Zarautzen egin ditudan azken bost urtetan, iritsi nintzenerako belauna puskatuta neukan eta ebakuntza egin behar izan zidaten. Beraz, ia denboraldi osoa errekuperatzen pasatu nuen. Behin errekuperatuta, entrenamendu batean meniskoa apurtu nuen. Konfidantzazko fisioterapeuta bat ezagutzen dut eta hari galdetu nion ea jokatzen jarraitzerik izango nuen, eta hark baietz esan zidan; minik ez nuen bitartean jokatzen jarrai nezakeela. Hiru bat urte aritu nintzen jokatzen meniskoa apurtuta, baina azkenerako gehiago apurtzen joan zen eta geroz eta min handiagoa ematen zidan. Ebakuntza egin zidaten joan zen urtean eta hasieran meniskoa josi bazidaten ere, ez zuen eboluzio ona izan eta kendu egin behar izan zidaten duela hiru hilabete. Horrenbeste urte meniskoa apurtuta jokatzen pasatu ondoren, erabat apurtuta amaitu zuen eta ez zegoen beste ezer egiterik. Horrek kirolean zenbait aukera murriztu egiten ditu. 

 

Ebakuntza horren ondorioz, eskubaloitik urruntzera behartu zaituzte?

Ez, eskubaloian jokatzen jarraitzea bada aukera bat, baina oraindik ere min egiten dit belaunak. Horrenbeste urte lesioz lesio pasa ostean, lan ere egiten dut eta azken finean ezin naiz beti lesionatuta egon. Beraz, lesioen bizimodu hori atzean utzi beharra daukat heldu guztiek duten bizitza egin eta lanean behar bezala jarraitzeko. 

 

Mila kirol aukeran izanda, nolatan aukeratu duzu harri-jasotzen hastea?

Zarauzko eskubaloi taldean, mutilen taldean badut lagun bat eskubaloiaz gain harri-jasotzen ere aritzen dena. Egun batean bere mezu bat jaso nuen esanez Joxe Ramon Iruretagoiena “Izeta” emakumezko harri-jasotzaile taldea osatzeko asmoa zuela eta ea animatuko nintzen. Probatzea erabaki nuen. Egia esan, inoiz ez zaizkit interesatu herri-kirolak. Betidanik inguruan izan ditugu herriko jaietan eta. Ni eskubaloian aritu naiz beti eta horretan sartuta nengoen buru-belarri. Behin probatuta gustatu egin zitzaidan. Ez da hain bortitza mugimenduen ikuspuntutik eta belaunarentzat ere ez du zertan arazo izan. Mugimenduekiko kontrol gehigo dut eskubaloian baino, eta aukera polita iruditu zitzaidan. 

Probaren bat pasatu behar izan zenuen edo nola egin zinen taldeko kide?

Entrenamendu batera joan ginen eta harriarekin lehen kontaktua izan genuen. Zarauzko Bi Harri txapelketa baino hogei egun lehenago izan zen hori. Harri baldarrarekin egin genuen proba, errekako harria edo harri irregularra ere esaten zaio. Harri naturala izaten da, inolako formarik eman gabekoa. Proba egin genuen eta hasieran gehiegizkoa iruditu zitzaigun. 63 bat kilo altxatzea gehiegi zela iruditu zitzaidan. Hala ere, teknika pixka bat landu genuen horrenbesteko indar esfortzurik egin gabe harria altxatu ahal izateko eta nahiko txukun. Horrela hasi nintzen.

 

Geroz eta emakume gehiago ari zarete harri-jasotzen edo hori da gure inpresioa, behintzat.

Neska gazteak ikusten ditut, eta erakustaldietan ere nabarmena da emakume gazte asko dagoela herri kiroletan. Proba ugari daude herri kirolen familiaren barruan Euskal Pentatloian, adibidez, emakumeak ikus daitezke. Ez dakit oso ondo nola piztu zaigun herri kiroletan hasteko sena, agian, komunikabideen lanaren ondorioz izan daiteke. Duela egun batzuk EITBko Ibon Gaztainazpi kazetariarekin egon nintzen, eta hark esaten zidan euren lana ezinbestekoa zela herri kirolei ikusgarritasuna emateko. Orokorrean, badirudi jendea ez dutela horrenbeste erakartzen herri kirolek beste kirol batzuekin alderatuta. Komunikabideen bitartez indarra eman behar zaio, eta horrez gain, txapelketak antolatu eta gure lana erakutsi. Polita iruditzen zait horren maskulinotzat dugun kirol batean emakumeak ikustea eta estereotipo horiei aurre egitea. Jendeari egiten duguna behar bezala erakutsita zabal daitekeen zerbait dela uste dut.

 

Zeintzuk izaten dira txapelketa edota erakustaldi esanguratsuenak?

Txapelketa batzuetan parte hartu ahal izateko antolatzaileek deitu behar digute. Ez dira deialdi irekiak izaten, nolabait esateko. Herriko jaietan egiten diren erakustaldietarako jai batzordeetako ordezkariak arduratzen dira deitu eta pertsona konkretuak edo ideiak eskatzeaz, eta modu horretara ateratzen gara plazara. Udan, orokorrean, eskaera gehiago izaten ditugu erakustaldiak egiteko, jaiak izaten diren garai horietan. Lehen aipatu dudan Zarautzeko Bi Harri lehiaketa ez zen irekia, deitu egin ziguten bertan parte hartzeko pertsona jakin batzuei. Antolatzaileen araberakoa izaten da hori.

 

Txapelketaren batean egin duzu debuta jada? 

Oraindik ez. Gauza txikiak egin ditut, baina txapelketa handirik ez. Abuztuaren 1ean, Zarautzen Bi Harri txapelketa izan zen, eta bertan parte hartzekoa nintzen nire debuta egiteko. Zoritxarrez, bi egun lehenago Covida harrapatu nuen eta ez nuen joaterik izan. Negar ederrak egin nituen. Gogo handia nuen bertan parte hartzeko. Urdanetako jaietan, Zarautzetik gora eta aurrera jarraituta dagoen auzoan, erakustaldia egin genuen. Gure arteko txapelketa moduko bat egin genuen harri jasotzaile eta aizkolarien artean. Polita izan zen. Azken txapelketa Egur Sportek antolatutakoa izan da, eta bertan, harri txikiarekin aritu nintzen, 50kg-ko harriarekin. Konturatuta nago 50kg erraz altxatzeko gai naizela, ez daukat indar faltarik. Ondo ikusten naiz modalitate honetan, baina ikuspuntu teknikotik asko daukat hobetzeko. Onena da harri txikiarekin hastea, teknikak behar bezala ikastea eta gerora, nahi izanez gero, harri handiagoekin hasi. Garrantzitsuena pixkanaka joan eta disfrutatzea da. 

 

Harri jasotzea kirol indibiduala da printzipioz. Zu talde kiroletik zatoz. Nola daramazu hori?

Joxe Ramon Iruretagoienarekin entrenatzen dut nik eta Liernirekin. Txapelketaren bat badugu, batzuetan batek besteak baino gehiago entrenatzen du. Adibidez, asteburu honetan Liernik txapelketa bat du, eta beraz, puntuan jartzeko gehiago entrenatuko du ostegun edo ostiralean indar gehiago hartzeko, baina orokorrean biok batera entrenatzen dugu Joxe Ramonen gidaritzapean. Zentzu horretan, badugu talde sen puntu bat. Egia da falta botatzen dudala eskubaloian sortzen den talde sen indartsu hori. Hala ere, binakako txapelketak ere izaten dira. Ez da, agian, gauza bera, baina behintzat bikotea daukazu. Eskolakoen artean ere badugu lotura, eta txapelketa edo erakustaldietan batera parte hartzean beti animatzen dugu elkar. Are gehiago, erakustaldietara ez gara kirolariok bakarrik joaten, laguntzaileak izaten ditugu eta harriak eraman eta ekartzeaz arduratzen direnak. Elkar animatzen dugu askotan, eta giro oso polita sortzen da. Behin erakustaldia edo txapelketa bukatuta, afaria izaten dugu elkartean eta musean ibiltzen gara. Zortzi edo hamar bat gazte elkartzen gara horrelakoetan eta asko eskertzen da elkartasun hori. Batzuetan aurkariak izaten gara, baina elkar animatzen dugu, jakina. 

 

Harri jasotzaile “klasikoaren irudia” ere aldatzen ari da. Denetariko gorputzak eta estetikak ikusten dira plazetan gaur egun, ezta?

Bai, posible da profil hori azken urteetan aldatu izana. Gorpuzkera profil bat ez dago horrela zurruna. Gure eskola aztertuta, badago jende baxuago eta zabalagoa, baina baita jende altu eta indartsua ere. Lierni, adibidez, Crossfitetik dator, eta burura datorkidan beste asko ere ez dira harri jasotzaile prototipo horretan sartzen. Lehen oso baserriko kiroltzat hartzen zela iruditzen zait, eta orain, berriz, kontzeptua zabaldu egin da.