Andatza hegoaldean, Ezkeltzun parke eoliko bat eraiki nahi dutela iragarri du Eusko Jaurlaritzak gaurko (otsailak 24) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez. "Ezkeltzu parke eolikorako aurretiaz aurkeztutako administrazio-baimenaren eskaera iragartzen da", berri eman du aipatu argitalpenak.
Ohartarazpen honen aurrean harridura agertu du Usurbilgo Udalak. "Ez zuen horren berri gaur Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu duten arte", ohartarazi dute Udaletik. Albistea jaso bezain laster, "aztertzen hasi da zer proiektu den eta prozedura aldetik zein fasetan dagoen".
"Batik bat Zizurkilgo eremuan eragingo luke"
Gogorarazi duenez, "iragarkia Eusko Jaularitzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren izenean dator eta Industria Administrazioaren Gipuzkoako lurralde-ordezkariak argitaratu du".
Eraiki nahi duten parke eolikoak Usurbil nahiz Zizurkilgo lurrei eragingo lioke, baina Udalak argitu duenez, "argitaratutako koordenatu geografikoaren arabera, batik bat Zizurkilgo eremuan eragingo luke".
Une honetan, "lau aerosorgailu lituzkeen parke eoliko bat ezarri eta ustiatzeko interesa duten pertsona fisiko edo juridikoek eskabideak lehian aurkezteko 20 eguneko epea ireki dute". Balizko parke eoliko honen proiektuak Usurbil nahiz Zizurkilgo lurretan izango lukeen eragina ikusteko ondoko irudia helarazi du Udalak.