Inauteriak

Joare hotsek girotuko digute mozorro festa

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 25a, 08:51

Adi belarriei. Zirrara eragiten diguten joareen hotsak bueltan ditugu, zer ospatu izango dugun adierazle argia. Joareen hotsak “soinuak badu erakarpen bat”, sarritan mutututa uzten gaituena. “Jendartetik igarotzean hitz egiteari utzi eta begira geratzen dira”, adierazi diote NOAUA!ri mozorro festarekin batera bueltan datorkigun Usurbilgo joaldunen taldetik.

Osasun krisialdiak iaz etendako inauterien itzuleran entzun eta ikusiko ditugu berriz. Covid19ak 2020ko martxoan guztion bizimodua hankaz gora jarri zuenetik ezin izan ditugu ospatu herri honetan hain sentituak ditugun festak edota Sagardo Eguna garai bateko moduan azken bi urteotan. Joaldunek ordea ezohiko testuinguru honetan hain ezaguna egin eta sarritan ahotan hartu izan diren “ez jaiak” girotu eta neurri batean berpiztu izan dizkigute, herriko txistulariekin batera. Berez ospakizun egunak izan behar luketen horietan ginela oroitarazi eta sentiarazi digute; jai giroko eguna zela, festarik egin ezin arren. Iaz inauterien eguna izan behar zuen hartan, edota ospatzerik izan ez zen Sagardo Egun nahiz Santixabeletan. “Esker handiagoa sumatu genuen, pandemia puri-purian zegoenean”. 2020ko martxoko itxialdi orokorraren ostean kalera irteten hasi berritan antolatzerik izan ez zen Sagardo Eguna oroitzen dute. “Ze gustura hartzen den zerbait egite hori” halako egun batean ezer ez dagoenean. “Zerbait behar genuen denok, poz pixka bat”, adierazi digute Usurbilgo joaldunen taldetik.

Arropa propioak, joareak eskuratzear
Iazko egun seinalatuotan giro beroa egokitu zitzaien. Baina ibilbide luze hartan geldialdiak egiteko herritarrak ohi bezala, eskuzabal jokatu zutela oroitzen dute, hidratazio arazoak sahiesten lagundu zieten eta. “Kalezarren adibidez botila sagardoak eskaini zizkiguten, gorri-gorri ginela ikusita. Eskertzekoa da”. Begira izaten dituzten ikusleengandik jakinmina jasotzen dute, “zama mingarria ez ote den adibidez. Baina ondo lotuta joanda eta bere lekuan ez dago arazorik”.

Taldearen sorrera unetik bertatik kezka edo hobekiago esanda zailtasun nagusia materiala lortzerakoan izan dute. Inauteri Festa batean hasi ziren kaleratzen eta ospakizun egun bakarrerako “arropa guztia eskuratzea zaila zen”. Lagun baten bidez Zumaiako taldeak utzi zien orduko hartan. “Materiala garestia denez, haientzako ere ahalegina zen uztea, gu gustura”. Iaz urrats bat eman zuen taldeak; “taldearentzako larruak erosi genituen. Joareak ere eskatuak ditugu baina lan horretan aritzen direnak oso lanpetuak dabiltza, artisautza lan handia delako. Halere egingo dituztela adierazi digute eta beraz geureak izango ditugu”.

Errimo propioaren aurkikuntza lanetan
Materialaz gain, prestakuntza da kalejira ikusgarrion atzean den lanaren beste gakoetako bat. Joareak ondo lotuta izateaz gain, “norbere gorputzaren mugimenduarekin goian eta behean jotzen duten arren, joareek behekaldean soilik jo behar dute. Zaila da”, Usurbilgo joaldunek NOAUA!ri adierazi diotenez. Zaila da “zurea ez baituzu entzuten, aurrekoa edo aldamenekoa ikusten duzu eta bere erritmoa jarraitzen saiatzen zara, baina ez dakizu ondo ari ote zaren”.

Pausoak batera eman eta erritmo berean joatea kalejira eder baterako beste osagai garrantzitsuak direla diote. Herriz herriz, aldaera ezberdinak daude, “batzuk oso azkar ibiltzen dira, besteak mantsoago. Talde kide batzuk Lezora joan eta izugarrizko aldea sumatu zuten. Haien erritmoa bat da eta norberak ikasitakoa beste bat. Denok erritmo berdinera egokitzea zaila da”. Horregatik erritmo propioaren aurkikuntza lanetan dabiltza. Kalejirak grabatzen dituzte “bakoitzak bere burua zertan hobetu dezakeen ikusteko. Ikasketa prozesu bat izaten ari da”. Gozagarria, “alderdirik politena, jolas baten modukoa izaten ari dela, ez dela profesionaltasun batera bideraturiko ekimen bat”. Nabarmendu digutenez, lagun arteko ekintza bat baizik.

Euskal Herriko taldeen sarean
Halaxe hasi ziren irteten duela urte batzuk ospaturiko Inauteri Festan. “12 bat laguneko koadrilan hasi ginen ateratzen. Materiala eskuratu eta entsegu saio batzuk egiten hasi ginen Txokoaldeko frontoian, Oronan, Oriako frontoian…”. Gogotik gozatu zuten, une hartan taldeak segidarik izango ote zuen askorik pentsatu gabe. “Egun oso berezia izan zen. Dena zen berria; jantziak, plazaratzeak suposatzen zuena. Urduritasun eta ilusio handia genuen”. Egun osoz aritu ziren kalean gora eta behera. “Izugarrizko emozioa sentitzen da, besteengan ere nolabaiteko poztasuna sortzen dela ikusten duzu”.

Zubieta eta Ituren lotzen dituen taldeaz oroituko gara ziurrenik joaldunak aipatzerakoan. Baina badira talde gehiago ere Euskal Herrian barrena. “40 bat daude”, adierazi digute usurbildar joaldunek. “Herri bakoitzeko bilguneak bere nortasuna du”. Egungo sare sozialak baliatuta, whatsapp talde bat dute eta komunikabide honekin “urtean behin herri batean ekitaldi bat egiten da”. Joaldun taldeen topaketa eguna ospatzen dute.

Entseguetan ere ikusmina
Usurbilgo joaldunek aipatu digutenez ordea, “kanpora joatean ez dute erraza izaten taldea osatzeko”. Ohiturari bizirik eusteko dinamikak irteeretatik haratagoko jarraipena ematea eskatzen du. Usurbilgo bilguneko kideei galdetu diegu ze egoeretan diren, aurrera begirako bidea nola irudikatzen duten. “Denon artean hausnartu behar dugu noraino iritsi nahi dugun. Momentuz, oraingo moduan oso gustura gabiltza”. Badute taldean parte hartu nahi duenik. “Haiei aukera eman eta zer datorren ikusi nahi genuke, ez baitakigu”. Argi dutena da halere, “konpromiso gehiegi hartu gabe” jardun nahi dutela, serioegi aritu gabe, “jolas moduan”, diotenez, “nahiko lan izaten dugu entsegu saioetan ere taldea osatzeko”.

Otsailaren 26rako entrenatzen ari dira jada. Aurreko kalejiren antzera, ikusmina sortzen ari da Txokoalde inguruan egiten dituzten prestaketa saioak. “Ibiltzera edo bizikleta gainean doazenak geratu eta argazkiak ateratzen dizkigute, Zubieta eta Iturengoak ote garen galdetzen digute”. Kalejiretan ere balkoitik jendea grabatzen ikusi dute, joareen hotsengatik badatozela suma ditzakegu eta kamera prestatzeko denbora ematen baitu. Hurrengo kalejira otsaileko azken larunbatean. “Herrian barrena ahal den festa giro politena sortzera irtengo gara. Poz pixka bat emateaz gain, guk gozatu eta bueltaxka bat emateko asmo horrekin aterako gara, orain arte bezala. Asmoa ere era horretan jarraitzekoa da, herriko giro horretan, ondo pasatzeko ideiarekin”. Mozorro festan, Olentzeroren etorreran, Sagardo Egunik edota Santixabelik izan ez dugun urteotan atera izan dira. Etorkizunera begira, Euskal Herrian indarra hartzen ari den beste ohitura bat berpizteko aukera ere mahai gainean jarri nahi izan digute; urriaren 31ko arimen gaua berpiztea.