Inauteriak

Mozorrotu eta dantza batean plazaratzeko gonbita Orbelditik

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 25a, 08:56

Dantza batean mozorro festan murgiltzeko gonbita luzatu digute Orbeldiko kideek astebururako. Ostiral honetarako kalejira iragarri dute, larunbat eguerdian dantza saioa frontoian.

“Duela bi urtetik ospatu ez ditugun Inauterietan hasitako ohitura berreskuratuko dugu”. Mozorro festari harrera egiteko Euskal Herriko beste txoko batzuetako inauteri giroa ekarri izan digute; oraingoan, Uztaritzeko dantzak plazaratuko dituzte ostiral honetan, otsailaren 25ean iluntzeko 19:00etan Oiardo Kiroldegitik hasita. Artzabal, NOAUA! Kultur Elkartearen egoitza ondoan itxuraz berritu duten Sagardo plaza, Mikel Laboa plaza eta frontoia lotuko ditu kalejirak.

Gune guztiotan dantza saioak eskainiko dituzte. Hitzorduak pilotalekuan izango duen Uztaritzeko dantzak plazaratuko dituzte otsailaren 25ean ostirala, iluntzeko 19:00etan Oiardo kiroldegitik abiatuta. Amaieran “jendeak dantzatuz parte hartzeko aukera izango du”, iragarri dute Orbelditik.

Mozorrotuta dantzan
Larunbatean, otsailaren 26an aldiz, gaztetxoenak bildu nahi ditu Orbeldik. Oholtza bat egokituko dute frontoian. Dantza batzuk sortuko ditugu haurrekin eta haiek oholtzan direla gero jendearekin batera dantzatuko ditugu”, eguerdiko 12:30ean hasita. Hortxe beraz parte hartzeko gonbita. “Herrian mozorrotuta dabiltzanak gurekin dantza egitera animatu nahi ditugu”. Haur, gazte zein heldu.

“Denok batera gauzak egitea berreskuratzea nahi genuke”, adierazi dute Orbelditik. Eta dantzan bada, hobe noski.

Dantza Eguna prestatzen
Inauteri Festatik haratago ere begira dira Orbeldiko kideak. Dantza batean datorkigu eta udaberria. Egutegia eskuartean hartuta, “Korrika Usurbildik igaro eta Donostian amaitu arteko tartean”, apirilaren 9an ospatuko dute Dantza Eguna, “ikusteko nahiz parte hartzeko” hitzorduekin. Herriko antzezle nahiz musikariekin ontzen ari diren ikuskizun berria plazaratuko dute, “aurten hamargarrena tokatzen da”. Bazkari ireki handi bat egitekotan dira. Eta iaz estreinatutako tranpaldo irekia berriz antolatzekotan dira, “nahi duen herritar orori bere dantza erakusteko plaza” eskainiko diote. Orbeldik jarriko dizkio baliabideak. “Etxean koreografiak prestatzen hasi”, luzatu dute gonbita. Beste bi hitzordu ere iragarri ditu Orbeldik; apirilaren 30ean herri ezberdinetako dantzarien topaketa eta maiatzaren 7an Dantzari Txiki Eguna, hiru egun aurten “bakoitzari protagonismo berezi bat” emateko.