Inauteriak

Nahieran mozorrotu eta musikaz nahiz dantzaz blaituriko festara asteburuan

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 25a, 09:16

Osasun krisialdiak eragotzi ostean, bueltan dator Inauteri Festa bi urte eta gero. Dantzaz nahiz musikaz giroturiko hitzorduekin. Aurten gairik proposatu ez denez, nahieran mozorrotu eta kalera!

Orbeldi Dantza Taldekoak izango dira plazaratzen lehenak, ostiral iluntzean, otsailaren 25ean, "Uztaritzeko dantzekin". Kalejira egingo dute lehenbizi Kaxkoan barrena geldialdiak eginez, eta geltokiotan bezala, amaieran frontoian emanaldia eskainiko dute. 

Biharamunean, txikienen eskutik koreografia ezberdinak landu eta dantzatzeko aukera izango da larunbat eguerdian. Ordu beretsuan ikusiko ditugu herriko joaldunak, kalean gora eta behera joareak astintzen. 

Usurbil 1936 elkarteko kideek "Romanaren torradak" sukaldatu berriak saltzen ariko dira, elkartea laguntzeko babesa jaso eta 1936ko gerran Romana Zubiria frankistek erahildako aginaga omentzea  helburu ekimen honek. 

Arratsalde partean, bueltan izango ditugu inauterietan hainbat urtez herria girotu izan diguten Burrunbazale txarangakoak. Kalejira egingo dute Kaxkoan barrena, amaieran emanaldia eskainiko dute Mikel Laboa plazan.

Nahi denaz mozorrotu eta kalera irteteko aitzakia eta plaza jarria dago jada.


INAUTERIAK
Otsailak 25, ostirala
Orbeldi Dantza Taldekoekin, Uztaritzeko Iñauteriak dantzan:
19:00 Kalejira Oiardo Kiroldegitik abiatuta.
20:00 Dantzak frontoian.

Otsailak 26, larunbata
12:30
Orbeldirekin dantza frontoian. Mozorrotu eta etorri dantzara!
12:30-14:00 Joaldunak kalean zehar.
Eguerdian, "Romanaren torradak" salgai.
18:00 Burrunbazale txarangarekin kalejira. Mozorrotuta, karroza hartu eta gorputza astintzeko gogoz bazaude ez galdu kalejira!
20:00 Txarangarekin batera gora Inauteriak dantza saioa Mikel Laboa plazan.

Antolatzaileak: NOAUA! K.E., Orbeldi Dantza Taldea, Usurbil 1936.