Azken ostiraleko elkarretaratzea gaur, Sarek deituta

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 25a, 08:18

Euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea ostiral iluntze honetan, 20:00etan Mikel Laboa plazan.

Otsaileko azken ostirala gaur, mobilizatzeko eguna beraz. Sarek deituta, elkarretaratzea iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan.

Francisco Jose Ramada presoa eta bera bezala gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten 19 euskal preso aske uztea eskatu zuen Sarek duela hilabeteko kontzentrazioan. Presoek osasunerako duten eskubidea eta komunikazioak berreskuratzekoa bermatzea galdegin zuten.

"Osasunerako eskubidea eta komunikazioak berreskuratzeko eskubidea" izan zituzten hizpide. Bi eskubideok bermatzeko betetzeke dauden eta bermatzea ezinbestekotzat jotzen dituzten eskaeren zerrenda plazaratu zuen Sarek elkarretaratze hartan. "Antigenoen miaketa masiboak eta ohikoak presoentzat; koarentenetarako espazio nahikoak egokitzea; gutxienez telefonoz komunikatzen jarraitu ahal izatea hori gertatzen denean; egin ezin diren bisak berreskuratzea; eta, batez ere, espetxearen alternatibak askatasunaren ikuspegitik; gaixorik dauden presoak aske uztea, hirugarren graduak, eta zaurgarrienetatik haratago, presoak aske uztea da eskatzen duguna; izan ere, euskal preso askok zigorraren zati handi bat bete dute dagoeneko, eta justizia arrunta aplikatuta, aste irten beharko lukete".

Tartean, Francisco Jose Ramadak eta gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten 19 euskal preso politikoek. "Kondena luzeek eragindako narriadura fisikoak eta espetxeko bizitzak kalte nabaria egin diote kolektibo honen osasunari, gainera, bataz besteko adina nabarmen igo da. Honi gehitu behar zaio azken urteotan koronabirusak espetxeetako osasun-baldintzak are gehiago okertu dituela". Eta komunikazio eskubidea urratu dela. "Bada garaia eskubide hori berreskuratzekoa, familia-lotura modu humanizatuan mantentzekoa; gure senide presoak bi urtez berrogeialdietan, komunikazioak eten eta hauek gabe, bi urtez besarkadarik gabe, kontakturik gabe egon baitira".