NOAUA! Jende askok Sagardo plazatik pasatzean gauza bera pentsatu du: “Zer da hau”?
Nagore Goñi: Udalak sustatutako proiektu baten emaitza da espazio publikoa berreskuratzeko asmoarekin. Proiektu horren baitan egiten dugun bigarren eskuartzea litzateke honakoa. Olanoenea plazan altzari batzuk jarri genituen joan zen urtean, eta orain, Sagardo plazan gabiltza lanean. Merkataritza txikia bultzatzea du helburu proiektua eta esan bezala, espazio publikoaren garapena ere bai. Horren baitan, espazio publikoaren eskuartzea egiteko leku jakin batzuk hartu ziren eta horien artean, Olanoenea plaza. Batez ere aurrei zuzendutako eskuartze bat egin genuen orduan, eta eserita egoteko leku bat jarri genuen, bai eta mahai batzuk ere. Aurten, berriz, Sagardo plaza dugu langaitzat.
Gorka Segurola: Leku aktibatzaile bat sortu nahi genuen.
Zein funtzio beteko ditu?
N.G: Plazari erabilera berriak ematea dugu erronka. Eserlekuak eta armairua jarri ditugu eta espazio horren asmoa da gordailu izatea. Herriko elkarte eta eragileentzat materiala gordetzeko leku bat sortu nahi genuen. Armairuaren inguruan dauden altzarien funtzioa izango da armairuan dagoen materiala erabiltzeko lekua izatea. Mahai jolasetan aritzeko ere leku aproposa izan daiteke. Leku hori bakoitzak nahi duen bezala erabiltzeko aukera izango du, baina gure asmoa hori da.
Zergatik eman diozue forma hori eta ez beste bat?
G.S: Tradizioz edo ohitura daukagu espazio guztiak sortzean zorua eta sabai bat sentitzera. Idea horri buelta bat eman eta guk planteatzen duguna da leku goxo bat sortzeko ez dagoela sabai eta zoru baten beharrik. Barroteak irudikatu ditugu, alde batetik, barruko espazioa markatzeko, baina aldi berean, oztopo ez izateko. Funtzio ezberdinak izan ditzake. Kanpotik, Zubiaurrenea kaletik begiratuta, ate baten forma hartzen du, eta barrura sartzera gonbita egiten du, plazarako sarbide modura. Lehen gauza ikusten dena tunbona bat da hodi baten barruan. Bertan edozein jarrera har daiteke, etzanda jar zaitezke, eserita, belauniko edo nahi bezala. Gordailuarekin berdin. Espazioa ixten du eta barrura begirako esentzia bat ematen dio. Lona bat ere izango du espazioak tunbona babesteko.
Zein adinetako jendearentzat dago pentsatuta?
N.G: Hasieratik izan dugu buruan intergenerazionala izatearen ideia. Forma aldetik nahiko neutroa da. Plazaren ezaugarri nagusietako bat intimitatea da, eta babes sentsazioa ematen du. Momentu lasaiak pasatu eta atseden hartzeko lekua prestatu dugu, nolabait. Aproposa izan daiteke erabilera hori egiteko. Irisgarritasunean jarri dugu fokua eta altzariak ere irisgarriak diseinatu ditugu. Oztoporik gabeko sarbidea, altuera handikoa eta mahaigunera hurbiltzeko ere erraza egiten saiatu gara. Aniztasuna izan dugu buruan altzariak diseinatzerakoan, edonolako mugimendu arazoak izan ditzaketen pertsonek ere arazorik gabe erabili ahal izateko. Osagarri gisa, margotu egingo dute plaza entitate ezberdin bat emateko. Lurrean eta egun dauden kale altzarietan egingo ditugu margoketak. Plazari identitatea eman eta espazioari osotasun bat emateko. Datozen asteetan izango da hori.
G.S: Erabiltzaile mota bati begira eginda baino, erabilera mota bati begira diseinatu dugu espazioa. Lehen aipatu ditugun funtzioak betetzeko eginiko diseinua da, eta horren bila dabilen edonork erabiltzeko modukoa.
Herriaren erdian egonagatik ere, plaza hau pasatzeko baino ez da erabiltzen orokorrean.
G.S: Plazaren ezaugarriak kontuan izanda eta Usurbilgo herriaren egitura aztertuta nabarmena da badaudela leku batzuk zeinetako erabilera oso aktiboa den: parkea, frontoia, taberna… hori dena inguruan du, baina plazaren izaera ez da horren aktiboa. Leku jasoagoa da eta horrek neurri batean izaera goxoagoa ematen dio. Egun, jendeak bidetzat hartzen du beheko berdegunera joateko, baina leku erabat aprobetxagarria da. Gordailua ardatz hartuta elkartu eta biltzeko gune bat sortu nahi izan dugu.
Udalak proposatutako eskuartzea izan da edo lehiaketa bat irabazita lortu duzue proiektua aurrera eramatea?
N.G: Eskualdeko hainbat herritan eskuartzeak egiteko plan bat aurkeztu genuen eskualdeko proiektu baten barnean. Lan hauek garatzeko interesa erakutsi zuten herri batzuetan eta horiekin hasi ginen lanean, eta horretan dihardugu.
G.S: Udaletxeak gisa hauetako proiektuetan partehartze prozesuak egin ohi dituzte komertzioekin eta auzotarrekin. Prozesu horietan partehartzea ez da oso zabala izan kasu honetan. Batzuetan guk geuk gidatzen ditugu prozesuok, baina kasu honetan ez dakit Udalak zein bide erabiliko zuen informazioa zabaldu eta proposamenak biltzeko. Azken finean, partehartze prozesu hauek nolakoak izan, emaitzan ere eragina izaten dute harrera amankomunagoa izateko.
Aurreikusten duzue beste eskuartzerik Usurbilen?
N.G: Guk ideia batzuk baditugu herriko hainbat txokotarako, baina Udalarekin ez daukagu ezer hitz eginda. Ez daukagu proiektu eskaerarik, gure ideiak baino ez.
Juntura Arkitektura Kooperatibako kideok kaleko arkitekturaz baino ez zarete arduratzen edo zein da zuen lan esparrua?
G.S: Guk kooperatiba berria izanagatik ere, denbora bat daramagu lanean proiektu anitzekin. Espazio publikoan daukagu fokua jarrita, batez ere. Espazio publikoaren ulerkera horretan, eskuartzeak arinagoak edo betikotu daitezkeen proiektuak ere izan daitezke. Usurbilgo plazetan egindako eskuartzeak arinak dira, gerora, aurreikusitako erabilera emanez gero, eskuartze sakonago bat ere egin liteke, adibidez. Espazio pribatuetan ere lan egin dugu, zaharberritze lanetan. Kalezarko Pelaioeneako proiektuarekin ere bagabiltza, zaharberritze lanetan. Barne diseinuko lanak ere egiten ditugu.
N.G: Gorkak esan duen moduan, espazio publikoan daukagu fokua jarrita, baina haratago joanda, esango nuke espazio komunitarioetan ari garela lanean. Espazio komunitarioetan dago gure motibazioa, baina baita ere eremu pribatuagoetan, eraikinetan, esaterako. Lanketa bat egiten ari gara etxebizitza komunitarioen gainean. Diseinu partehartzailean ari gara nolabait. Ez, agian, helburu gisa, baina bai prozesu modura.
Zein izan dira egin dituzuen lanik esanguratsuenak?
G.S: Aipatu bezala, kooperatiba berria gara. Iazko udan ekin genion lanari. Arkitektura proiektu hauek euren prozesuak izaten dituzte. Beraz, gure lan gehienenen emaitzak oraindik iristeko daude. Hernaniko Urbieta kalearen oinezkotzearen proiektua eginda daukagu. Altzari eta marrazketa bidezko eraldaketa bat da. Ereñotzuko futbol zelaia ere espazio publiko bilakatzeko proiektu bat eginda daukagu. Gainontzeko proiektuak pribatuak dira, baserrien zahar berritzeak eta beste.