Dekretu bidezko kontratazio batek EAJ-PNVren arreta piztu du

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 28a, 10:52

Otsailaren 24ko plenoa hasi eta berehala, Josune Urkola EAJ-PNVko bozeramaileak Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) idazketari lotutako kontratazio batean ipini zuen arreta. HAPO-aren idazketa amaitzeko, udalak lan hitzarmena luzatu dio zeregin horretan ari den arkitekoari. Pertsonalgoko udal teknikariaren txostena ordea, kontrakoa zen. Zergatik eman zuen kontrako txostena udal teknikariak? HAPO-a idazteko programaren epea amaitu delako. Kontrako iritzia izanik, kontratazio hori nolatan egin den galdetu zuen Josune Urkolak plenoan. 

Agurtzane Solaberrieta alkatearen esanetan, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) idazketan ari den arkitektoari lan kontratua luzatu zaio, besteak beste, HAPO-aren beraren erredakzioa amaitzeko. Horretaz gain, hasierako onarpena ematen zaionean eta alegazio epea irekitzen denean (ekaina hasieran izan litekeela aipatu zen osteguneko plenoan), arkitekto honek atenditu beharrekoak atenditu ditzan. 
Arestian esan bezala, pertsonalgoaz arduratzen den udal teknikariak kontratazio honen aurkako txostena idatzi zuen, HAPO-a burutzeko programa amaitu dela argudiatuz. Alkateak hala ere, lan hitzarmena egiteko erabakia hartu du dekretu bidez. Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren idazketari oso gutxi falta zaiola dio, eta bere esanetan ez du zentzurik beste arkitekto bat kontratatzeak, besteak beste, HAPO-aren idazketa prozesua are gehiago atzeratuko lukeelako.

Prozeduraren egokitasuna
Josune Urkolak prozedura hau zuzena ote zen galdetu zion udal idazkariari, eta idazkariak erantzun zion udal teknikarien txostenak ez direla lotesleak. Kontrako txostena izanik ere, alkateak kontratazioa egiteko eskumena duela argudiatuz. 
Honi lotuta, EAJk kritika luzatu zion EH Bilduri, “hiru legealdi egin ditugu gai honekin (HAPO-arekin), eta ez dugu egoki ikusten”, adierazi zion Urkolak Solaberrietari.
Hain zuzen, aurreko legealditik dator arktitektoaren inguruko afera. Aurreko legealdian, HAPO-a idazteko programa abiatu zuen udalak eta arkitekto bat kontratatu zuen. Une jakin batean, HAPO-aren idazketa albo batera utzi behar izan zuen arktitekto honek, udal-arkitektoaren postua betetzeko. “Joan-etorri ugari izan zituen udal-arkitektoak garai hartan, eta une horretan udalak behar handiagoa zuen postu hori betetzeko”, udaletxetik jakinarazi digutenez. Bitarte horretan, HAPO-aren idazketa geldirik egon arren, “programak aurrera jarraitu zuen, eta gaur da eguna programari bukaera eguna iritsi zaiona, eta ezin da luzatu”. Hiri Antolamendurako Plan Orokorra ezohiko modu batean egin delako atzeratu da erredakzio lana, “baliabide propioekin eta parte-hartze prozesuak burutuz, lurjabeekin adostasunak lortuz eta abar”. 
Beste herri batzuetan, HAPO-aren erredakzioa kanpoko arkitektura talde batekin egiten da baina alkateak ez du aukera hori begi onez ikusten. Urrunekoa baino, gertuko ikuspegia lehenestearen aldekoa dela adierazi zuen.

 

Martxoaren 8ko adierazpena ahobatez onartu zen

Emakumeen Egunaren atarian, Martxoaren 8ari lotutako adierazpena onartu du aho batez udalbatzak, otsailaren 24an egin zuten osoko bilkuran. Egun horretan deituko diren mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditu herritarrak. Testuak hainbat erronka marrazten ditu etorkizunera begira eta horietan urratsak ematen jarraitzeko konpromisoa hartzen du Usurbilgo Udalak, baita EAE-ko gainerako udalek ere, Euskadiko Udalen Elkarteak sustaturiko adierazpena baita iragan astean onartu zutena.
Berdintasun-politikak garatzeko baliabide ekonomikoak, pertsonalak eta teknikoak indartzea eta “generoaren eta giza eskubideen ikuspegia” sendotzea; administrazioko langileen artean “Berdintasunari buruzko barne-prestakuntza” sustatzea; “indarkeria matxista mota guztien biktimei arreta emateko sistema zabaltzea”; “ikuspegi intersekzionalaren integrazioan” aurrera egitea; herritarren sentsibilizazioan sakontzea; emakumeak ahalduntzeko neurriak osostaunean garatzen jarraitzea; edota erakundeen akordio, koordinazio-sistema eta protokoloak hobetu eta eguneratzen jarraitzea.