Otsailaren 18an hasi zituzten Troia eta Txikierdi arteko errepide zatia hobetzeko lanak. Ezustean, jakinarazi gabe, trafikoan ilara luzeak eraginez. Hasiera batean, martxoaren 4an amaitzea zen Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurreikuspena. Data berria finkatu zuen duela astebete; martxoaren 18a. Oraintsu data berri bat luzatu dute: martxoaren 25a. N634 errepide ertzeko babes-horma berritzen ari dira, euste elementuak egoera arriskutsuan zeudelako. Lan hau amaitu eta segidan “Troiako sarrera-irteera inguruan hasiko dira lanean”. Adi beraz asteotan, errepide hau baliatu behar izanez gero.
Troiako oinezko pasabidea itxi egingo dute
Txikierdiko lanak amaitu eta segidan N634 errepidea Troiako aldaparekin lotzen den bidegurutzea konpontzen hasiko dira. Troiakoa martxoaren 10ean hasi eta hilaren 25era arte luzatuko dela iragarri du aldundiak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren esanetan, Troiako konponketak zailtasun handiagoak ditu. "Tarte motzagoa izan arren, obraz gain, makinaria sartzeko leku gutxiago izango dutelako. Horregatik, eta udalak ahalegina egiteko eskatu arren, oinezkoen pasabidea deuseztatu egingo dute, segurtasunagatik", udalak aditzera eman duenez.
Troiatik dabiltzan gidarientzako oharra
Lan hauek irauten duten bitartean, Troiatik N634 errepidera sartzen diren ibilgailuek Donostiarako noranzkoa baino ezingo dute hartu. Gauzak ondo, martxoaren 25ean amaituko dira lanak.