Aurten nolako herriko jaiak nahi ditugun hausnartzeko bilera gaur

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 2a, 14:14

2022ko Usurbilgo jaien antolakuntzari festa ereduaz hausnartuz ekingo diote, asteazken honetarako, martxoak 2, deitu duten bileran.

Ia hiru urte Usurbilgo festak ohiko moduan ospatu genituen azkeneko alditik. 2019ko uztailean izan zen. Azken bi urteotan, osasun krisialdira egokitutako Kultur Birak ordezkatu ditu festa egunok; unean uneko prebentzio neurriak bete eta sortzaileei nahiz kulturari plaza bat eskaintzeko. Eta aurten zer? Berriki, osasun larrialdi egoera bertan behera geratu da, neurri murriztaile gehienekin batera.

Testuinguru aldaketa honetan deitu dute, aurten zer nolako jaiak izan nahi ditugun antolatzen hasteko lehen bilera; asteazken honetan, martxoaren 2an izango da, arrastaldeko 18:30etan Potxoenean. Aurten, duela hiru urteko jaiak berreskuratzeko aukera egon daiteke. Gai hau jorratuz hasi nahi dute festen antolakuntza lana biharko estreinako bilkuran. Horregatik, Usurbilgo Udaleko Kultura Sailetik ohartarazi dutenez, ez da jaien ohiko antolaketa saio bat izango. "Lehenengo, hausnarketa saio bat egin nahi dugu herriko eragileekin: nolako Santixabelak nahi ditugun, Kultur Biratik zerbait berreskuratuko dugun...".