Udal dirulaguntzak digitalki tramitatzeko formazio saioa

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 1a, 08:05

Martxoaren 8rako iragarri du Usurbilgo Udalak, kaleratzear dituen udal dirulaguntzen eskabideak online tramitatzen laguntzea xede izango duen formazio saioa.

Kaleratzear ditu Usurbilgo Udalak 2022rako iragarri dituen dirulaguntzen oinarriak, interesdunek eskaerak egin ditzaten. Berriki aldaketak iragarri ditu alor honetan. Batetik, bi laguntza lerro berri; gizarte ongizate alorreko bat, une zehatz batzuetan oinarrizko beharrak asetzeko ezintasuna dutenei, gainerako laguntzetatik kanpo geratzen diren herritarrei zuzendua. Momentuz 10.000 euroko partida bideratu asmo du udal gobernu taldeak lerro berri honetara. “Behar handiagoa balitz, diru partida handituko genuke”, udal gobernu taldearen esanetan. Bestea, kultur arlokoa; sortzaileei zuzendurikoa. 2021ean eta 2022an hasi edota plazaraturiko sorkuntza lanak babestera 30.000 euro bideratuko ditu udal gobernu taldeak.

Horrez gain, ordea bada beste berrikuntza bat ere, eskabideak aurkezteko moduari eragingo diona hain zuzen. "Orain arte bezala pertsona fisikoek udalean presentzialki edo telematikoki aurkeztu ahal izango dituzte dirulaguntza eskariak". Aldiz, "pertsona juridikoen kasuan, soilik telematikoki egin ahal izango dute". Deitzaileek ohartarazi dutenez, "azken urteetan, dirulaguntzen legea dela eta, hainbat aldaketa egin behar izan dituzte udaleko prozeduretan, eta oraindik ere urrats batzuk egiteko ditugu". 

Aurrerantzean, "elkarteek, pertsona juridiko gisa, telematikoki eskatu beharko dituzte dirulaguntzak, legeak hala ezarrita. Ondorioz, ziurtagiri digitalik ez duen elkarteak berau lortzeko tramitea egin beharko du Izenperen atarian". Hau guztia nola egin zalantza duenari zuzendutako formazio saioa iragarri zuen duela aste batzuk Udalak. Data aurrerago zehaztekotan geratu ziren. Eta finkatu dute saioa; dirulaguntza eskaerak digitalki tramitatzen laguntzeko formakuntza martxoaren 8an, arratsaldeko 18:00etan.

Horretarako, momentuz zehazteke duten formakuntza saio bat antolatzekoa da Udala laster. Laguntza hauetarako nahiz gainerako udal lerrootarako eskabideak aurkezteko epea otsaila amaiera aldera irekitzea aurreikusten du Udalak.