Urrats berriak, Etxealdia irisgarriago baterantz

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 1a, 08:57

Irudiak: Usurbilgo Udala.

Auzoko irisgarritasuna hobetzeko konponketa lanak bideratzen hasia da Usurbilgo Udala. San Esteban kalerako proiektuaren idazketa ere esleitu du.

Etxealdiak dituen irisgarritasun arazoak konpontzeko urrats gehiago eman dituela berri eman du Usurbilgo Udalak. Batetik, "San Esteban kalea irisgarri egiteko proiektuaren idazketa esleitu du". Helburua Udalaren esanetan, "oinezkoei lehentasuna ematea eta irisgarria izatea" litzateke. Gogoan izan, San Esteban kaleak Kale Nagusia Etxealdiarekin lotzen duen aldapa da, tren geltokira nahiz Santueneara joan nahiz eremuotatik itzultzeko pasabideetako bat.

Idazketa proiektua esleituta, "proiektua idazteko bizpahiru hilabete behar dira, eta, ondoren, finantzaketa lotu eta exekuzio proiektua esleitu behar dira" argitu dute Usurbilgo Udaletik.

Aparkaleku eta eserleku irisgarriagoak
Bitartean, xumeagoak diren konponketa lanak ere bideratu dituzte Etxealdian bertan. "Auzoko banku guztiak aldatu dira, lehen zeudenak ez zirelako irisgarriak. Bestetik, elbarrientzako aparkalekua lekuz aldatu da, gune irisgarriago batera. Bizkarre kalean, auzora sartzeko zebrabidea ere margotu dute, norabide bakoitzeko marra bana motorrak ez irristatzeko moduan jarrita".

Beharrok urtarrilaren 19an azaleratu zituzten auzotarrek Usurbilgo Udalarekin Etxealdiako plazan egin zuten bilkuran. Udal ordezkaritza bat bertaratu zen auzora, auzotarrekin batera bildu eta zituzten ekarpenak biltzera. Auzoaren beharrak bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten Etxealdian barrena egin zuten itzuliari esker. Auzoko bizilagunen ahotan, hiru behar azpimarragarri nagusi; batetik, Etxealdian duten aparkaleku falta, banaketa zerbitzuekin zituzten arazoak San Esteban kaleak eta izen bereko auzoak sortutako nahasmenduaren harira; eta azkenik, gabezia aipagarriena, irisgarritasunarena hain zuzen, bai Etxealdiatik Kaxkora igotzeko edota alderantzizko bidea egiteko nahiz etxe atarietara sartzeko.

Auzoak dituen beharrei erantzuteko agenda lantzen hasi ziren bilera hartan; epe laburrean bidera daitezkeen eskuhartzeak egin asmo ditu Udalak. 2022ko udal aurrekontuetan 15.000 euro erreserbatuak dituzte hain zuzen, "auzotarrek lehenesten duten inbertsioa burutzeko (auzo lokala txukuntzea, jolas parkea berritzea...)". Zenbait konponketa lanekin ekin dio Udalak.

Epe luzeagora begira ere jarri asmo du Udalak; auzoaren etorkizuneko planeamendua landu asmo dute baita Etxealdiako bizilagunekin. Bizilagunekin lan saio batzuk egin eta jasotako ekarpenok 2023an hasieraz onartu asmo duten Hiria Antolatzeko Plan Orokorrean txertatu asmo dituzte.