Albiste honen izenburuan jaso bezala, musikaz blai datorkigu hasi berri dugun martxoa. "Heldutasunera" iritsi den 18. Soinurbil Musika Astea programatu du Zumartek hilaren 14tik 20ra. Egitarau oparoa iragarri du; organo erakustaldia, "Lalala" izeneko familia kontzertua, "Reziklantes" eta "Rockalean" ikuskizunak, Illunbe orkestra sinfonikoaren eta Araiako musika bandaren emanaldiak edota Zumartek Urnietako Musika Eskolarekin egingo duen trukaketa. Aipatu moduan, musikaz blaituko digute astebetez.
Baita Aginagako Eliza Zaharra elkarguneko kideek ere. Odolaren Mintzoa taldekoen "Hauskor" eta Elene eta Maddiren kontzertuekin girotu zuten gunea otsailean. Hilabete honetan kontzertu gau gehiago; Skasti, Martin de Marte, Kaleko Urdangak eta Unidad Alavesa taldeak gonbidatu dituzte.
Torrealdairen azken lana
Musika kontuez aparte, zenbait hitzaldi interesgarri ere izango ditugu asteotan. Uxue Alberdik Usurbilen kokaturiko kontakizuna hizpide hartuta Sutegira dator martxoaren 9an; "Uxue Alberdik Usurbilgo hirigintza feminista fabulatzen du" izeneko kontakizuna aurkeztuko digu. Hiru egun beranduago, iaz kaleraturiko "Egunkaria. Gizarte zibilaren arrakasta" Joan Mari Torrealdaik zendu aurretik amaitzear utzi eta Joanmari Larrartek osaturiko lana aurkeztuko dute. Tartean, hilaren 10ean, Nafartarrak taldeak antolatuta, "Ez gara kolonialistak, baina..." izeneko solasaldia, Axier Lopez Elkanori Bira ekimeneko kide eta Argiako kazetariaren eskutik. Hilabetea, "Ondorengoek basoak ezagutu ditzaten" Aitziber Sarobe biologoaren hitzaldiak borobilduko du.
Haurrentzako film eta kontaketa saioak
NOAUA! Kultur Elkarteak bestalde, martxoaren 15erako finkatu duen urteko batzar nagusia ospatu berritan herriz herri ibiliko den Laburbira, euskarazko film laburrak proiektatuko ditu martxoaren 20an Sutegin. Udalak eta Sare Herritarrak aldiz, Lander Garrok zuzendutako "Tipularen Sehaska Kanta" dokumentala hilaren 27an, zuzendaria bertan dela. Hilabetea, haurrei zuzenduriko neguko euskarazko zine zikloarekin ekingo diogu; "Nur eta herensugearen tenplua" ikus-entzunezkoa eskainiko dute hilaren 6an Sutegin.
Haurrentzako ekimen gehiago udal liburutegian; irakurketa-kontaketa txokoa Yolanda Arrietaren eskutik eta Ixabel Agirresaroberen ipuin kontaketa saioa.
Bilerak
Aldiro izaten ditugun bi deialdi; Sareren azken ostiraleko elkarretaratzea eta datorren astelehenean, odol ematea Udarregi Ikastolan.
Bilerei dagokionez, Usurbilgo jaiak antolatzen hasteko lehen saioa deitu dute martxoaren 2an; udal dirulaguntzak online tramitatzeko formazio saioa martxoaren 8an; "Aktibatzen" prozesuko bilera irekiak izango dira hilabetean zehar. Eta kirol gaiei segida emanez, Euskal Herriko Mus Txapelketa bueltan datorkigu; herri mailako kanporaketa saioa martxoaren 12an Aitzaga elkartean.
Eskaintza zabal honi guztiari buruzko informazioa Usurbilgo Udalak egunotan banaturiko kultur agendan edota helbideotan jaso ahalko duzue:
usurbilkultura.eus
noaua.eus/agenda/