Anerreka Ingurumen Elkartea: "Ezkeltzuko parke eolikoak txikizioa dakar"

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 3a, 10:39

Parke eoliko bat eraiki nahi dute Andatza ondoan; hala ondorioztatu daiteke, otsailaren 24ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak zekarren iragarkia irakurtzen badugu. Ohartarazpena, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren izenean dator, Industria Administrazioaren Gipuzkoako lurralde-ordezkariarena da. Eta hala dio; “Ezkeltzu parke eolikorako aurretiaz aurkeztutako administrazio-baimenaren eskaera iragartzen da”. Anerreka Ingurumen Elkartearen esanetan, “azpiegitura hauen ingurumen-inpaktua handia da, parke eolikoetan hiltzen diren hegazti kopuru handiak adierazten duen moduan”. Segidan duzue Anerrekak igorri digun balorazioa, bere osotasunean.

Urtarrilean zehar aurreratu genuen zurrumurrua egia bilakatu da: Andatza mendian, Zizurkil eta Usurbil arteko mugaren inguruan, 4 aerosorgailu jasoko lituzkeen Parke Eolikoa iragarri dute ofizialki. Behin berriro, administrazio publikoak, herritarron interesak babestu eta ingurumena zaintzeko egin beharreko plangintzak eginda eduki beharrean, interes ekonomikoa aurrejartzen du, energia eolikoan diharduten enpresen esku utziaz, non eta nola egin azpiegitura erraldoi hauek. Eusko Jaurlaritzak amore eman du enpresen aurrean, haiei gure lurrak oparituz erokeriak egiteko.

Lau haize errota erraldoi hauetatik, hiru Zizurkilgo udal barrutian kokatuko lirateke eta bat Usurbilen. Lurretik 200 metroko altuera hartuko luketen eta 160 metroko diametroko errotorea duten haize errotak aurreikusten dira. 

ANERREKA INGURUMEN ELKARTEA

“Azpiegitura hauen inguruko plangintzarik ez dagoenez, enpresa pribatuek erabakitzen dute instalazio horiek non eta zein tamainatakoak izango diren”

Energia berriztagarrien azpiegiturek ere, ingurumen eraginak dauzkate, eta parke eolikoek bereziki jasangaitzak dira ikuspegi horretatik. Landa eta natura-eremuetan ezarri nahi dituzten industria-instalazio hauek berekin dakarte ekosistemak desegituratzea bideak eta beste azpiegiturak zabaltzean. Hauek eraikitzeko behar diren azpiegitura erraldoien ondorioz, baso natural garrantzitsuak suntsituko dira, errekak kaltetuko dira, eta abar. Aurreikusi den Ezkeltzuko kokapenera iristeko, gutxienez 8 metroko zabalerako bidea ireki beharko litzateke, garraiorako ibilgailu bereziak behar baitira. Haize errota hain garaiak izanik, sostengua egingo duten hormigoi-zapata izugarriak egin behar izaten dira, sakonera handikoak eta 20 metro baino gehiagoko diametroarekin, lur mugimendi handiak eraginez. Sortzen den elektrizitatea garraiatzeko, goi-tentsioko linea eraiki beharko litzateke baita, parketik azpiestazioraino. Horrek suposatzen du beste lur eremu handi bateko baso suntsiketa eta lur mugimenduak dorreak eraikitzeko, eta etorkizunean eremu guzti horretan basorik ez sortzea. Gero, behin aerosorgailuak funtzionamenduan hasten direnean, inguruko hegazti-faunan eragingo lituzkeen kalteak etengabeak eta betirako izango dira. Azpiegitura hauek biodibertsitatearen galeran eragiten duten ingurumen-inpaktua handia da, parke eolikoetan hiltzen diren hegazti kopuru handiak adierazten duen moduan.


Gure erkidegoan, energia berriztagarrien proiektu berri eta handien aurrean gaude. Inpaktu ugari eragingo dituzten proiektuak, egiten dugun energia-kontsumo neurrigabearen aurreko erantzun gisa aurkezten direnak. Eta azpiegitura hauen inguruko plangintzarik ez dagoenez, enpresa pribatuek erabakitzen dute instalazio horiek non eta zein tamainatakoak izango diren. Administrazio publikoa, kasu honetan Eusko Jaurlaritza, enpresa pribatu hauek planifikatutakoa errebisatzera mugatzen delarik.  


Kapitalismo Berdea sistema ekonomiko zaharkitu bati eusteko alferrikako saiakeran ari da, eta, horretarako, ez dio erreparatzen ingurumen-kalteari. Honen aurrean, egiazko plangintza batek aukera eman behar luke energia berriztagarriak zenbat, non eta nola garatu behar diren eztabaidatzeko eta baloratzeko.


Inork ez du zalantzan jartzen etorkizunean energia fosilak desagertu behar direla eta haien lekua energia berriztagarriek hartu behar dutela. Kontua da nola eta zertarako. Hortaz, ustez klima aldaketari aurre egiteko eraiki nahi diren proiektu hauek natura-ingurumenean eragin oso larriak dituztela ikusten dugu. Biodibertsitatea eta klima aldaketaren aurkako ekosistemak kaltetzen ditu. Beste eredu energetiko batera jotzeko beharra ikusten dugu. Energia-kontsumoa pixkanaka jaitsiko duena, lurraldean zehar instalazio txikietan banatutako ekoizpen berriztagarria barne hartzen duena. Egungo energia eredu zentralizatutik apurka eredu deszentralizatura iragan behar da. Ekoizpena, kontsumo puntutik ahalik eta hurbilen egingo den eredura jo behar dugu. Besteak beste, elektrizitate garraioan energia askoz gutxiago galtzeko eta natur espazioak babesteko. 

Anerreka Ingurumen Elkartea (Usurbil)