Koronabirusa

Kontaktu estuek berrogeialdirik ez dute egin beharko larunbatetik aurrera

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 3a, 09:25

Orain arte txertatuak ez zirenek edo "immunodepresioren bat" zuten kontaktu estuek berrogeialdia egin beharra izan dute. Larunbatetik, martxoaren 5etik aurrera, ez.

Neurriak malgutze bidean urrats berri bat eman dute Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoetako gobernuek; kontaktu estuen berrogeialdia ezabatzea adostu dute martxoaren 5etik aurrera. Larunbatetik aurrera beraz, covid19a zuten pertsonen hurbileko kontaktuek ez dute itxialdirik egin beharko. Orain arte, txertoa jarri ez zutenek edota "immunodepresioren bat" zuten pertsonek bai isolatu beharra zuten, txertatuak zirenek ez azken aldian.

Larunbatetik aurrera, covid19a dutenak baino ez dira isolatu beharko astebetez. Gogoan izan, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak gogorarazten duenez, zer den kontaktu estua. "Kasu positibo baten leku berean, proba egin aurreko edo sintomak izaten hasi aurreko 48 orduetan, 2 metro baino gutxiagora eta 24 ordutan, guztira, 15 minutuz baino gehiagoz maskara etengabe eta behar bezala erabili gabe egon den edozein pertsona da".

Sintomak izan edota proba batean positibo eman dutenak bai, astebetez isolatu beharko dira. Kasuotan egin beharrekoaren berri, euskadi.eus atarian sartuta jaso dezakezue.