Usurbilgo jaiak ohiko moduan, ekainaren 29tik uztailaren 3ra

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 4a, 10:45

Usurbilgo jaiak osasun krisialdi aurreko moduan antolatzea adostu du Jai Batzordeak egunotan egindako lehen bilkuran.

Ia hiru urte igaro dira azkenekoz Usurbilgo jaiak ohiko moduan ospatu genituenetik. Covid19ak eragindako osasun krisialdiak 2020an eta 2021ean festak betiko moduan antolatzea eragotzi zuen. Gogoan izango duzuenez, unean uneko ezohiko testuingurura egokitu zen Kultur Birak ordezkatu zituen Santixabelak. Auzoetara hedatu eta ohi baino iraupen luzeagoa izan zuen kultur zikloa ospatu da azken bi urteotan.

Aurrekarion ostean, aurten zer egin erabaki beharra zegoen. Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdi egoera eta neurri murriztaile gehienak bertan behera utziak dituen honetan, asteazken honetan Usurbilgo jaiak antolatzen hasteko lehen bilera egin zuten Potxoenean. Udalak Usurbilgo jaiak 2019ra arte bezala ospatzeko proposamena egin zien herri eragileei. Herri eragileek baiezkoa adierazi zuten martxoaren 2ko bilkuran; osasun krisialdiak eragozten ez badu behintzat, jaiak ohiko moduan antolatzeko erabakia adostu dute.

Halere, azken bi urteotako Kultur Biraren zenbait ezaugarri ohiko eredu honetan txertatzeko asmoa agertu dute. Eta 2022an bai, bueltan izango ditugun Santixabelen festa egunak ere finkatu dituzte; ekainaren 29an hasi eta uztailaren 3an amaituko dira. Antolaketa eredua definituta, gainerako xehetasunak lotzen segitzeko hurrengo bilera deitua du baita Jai Batzordeak; martxoaren 28an arratsaldeko 18:30etan Potxoenean.