Zaintza eredu berria inplementatzeko bide-orria diseinatzen hastera doaz

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 4a, 15:44

Zaintzaren inguruan Usurbilen abian den parte hartze prozesua fase berri batean murgilduko da; urte amaierarako prest izan nahi duten eredu berriaren inplementaziorako bide-orria diseinatzen hastera doaz. Lau lan talde osatu asmo dituzte. 

Zaintza ekosistema berri bat eratzeko iaztik Usurbilen abian den hausnarketa prozesu kolektiboa fase berri batean sartzera doala iragarri dute gaur egitasmo honen sustatzaileek, Usurbilgo Udalak eta hainbat herritar zein eragileek, Potxoenean egin duten agerraldian. Orain arte egindako arreta ereduaz hausnartu eta prozesu horretatik eskuratu duten diagnosian oinarrituta,  zaintza ereduaren "eraldaketaren fasea" deitu dioten horretan murgiltzera doaz, bi helburu bete asmoz; eraldaketa zehaztu eta "eraldaketaren inplementaziorako bide-orri bat diseinatzea". 

Horretarako parte hartze prozesua kolektibo edo eremu gehiagotara zabalduko dute. Lau lan talde osatu nahi dituzte. "Lan talde bakoitzak bere gaitegi, erritmo eta edukiak izango ditu". Zaintza ekosistemaren definizioa lantzen aritu den talde eragilea izango da guztion lotunea. Zainketa lanengatik prozesuan parte hartzeko ezintasuna izan dezaketen herritarrentzat "Udaletik baliabide propioak" iragarri ditu Agurtzane Solaberrieta alkateak; "etxez etxeko zerbitzua eskainiko dugu bigarren fase honetan parte hartzea erraztu ahal izateko". Nahi bai baina orain arte ezin izan dutenei zaintza ereduaren eraldaketa prozesuan parte hartzeko gonbita luzatuko diete.

Urte amaierarako proposamen zehatz bat prest izan nahi lukete hurrengo urtean, eredu hau aplikatzen hasteko.


BIGARREN FASEAREN NONDIK NORAKOAK
Helburua: zaintza ereduaren eraldaketaren inplementaziorako bide-orria diseinatzea.
Iraupena: lauzpabost hilabete. Urte amaiera aldera, proposamen zehatza prest izan eta 2023an inplementaziorako urratsak ematea da asmoa.
Lan taldeak:
1-Zerbitzuak: zaintza lanak eskaintzen dituzten enpresetako ordezkari eta langileen taldea. Egun eskaintzen diren zerbitzuen ereduari eta balizko eraldaketari buruzko azterketa bideratu asmo dute. Etxez etxeko zerbitzua lehenetsi asmo dute.
2-Senideak eta zaintza behar duten pertsonen taldea: zainduak direnen eta zaintzaileen taldea. Etxean nola zainduak izan aztertuko dute. Zerbitzuen taldeak kontuan hartu beharreko taldea, zerbitzuak zaintza behar duten eta zaintzaileen behar eta nahietara egokitzeko.
3-Gizarte zerbitzuen taldea: eredu berrira jauzi egiteko Usurbilgo Udaleko Gizarte Zerbitzuen departamenduko langileen formazioa sustatuko duen taldea.
4-Herritarrak: Usurbilen lurralderaturiko zaintza komunitarioa sustatu nahi dutenez, komunitatea zaintza eredu horren parte nola izan, horretaz hausnartuko du talde honek; zaintza komunitatearen definizioaz, egitekoaz...

Hurrengo hitzorduak
-Martxoak 9: 15:00etan bilera Potxoenean zaintza behar duten pertsonekin eta haien senideekin eta 17:00etan langileekin.
-Martxoak 16: 18:30etan bilera herritarrekin Potxoenean, orain arte egindakoa aurkeztu eta aurrera begirako urratsak azaltzeko.