Fase aldaketa betean da zaintza ereduari buruz iaztik Usurbilen abian den parte hartze prozesua. Arreta ereduaz eta horren bueltan "eraiki beharreko zaintza ekosistemaz" hausnartu ostean, eta prozesu horretatik landutako diagnosia eskutan, inplementaziorako bide-orria diseinatzen hastekotan diren une honetan bertan agerraldia egin dute sustatzaileek gaur Potxoenean, orain arte jorraturiko bidearen balantzea plazaratzeko.
"Zaintzak begirada, ertz asko ditu eta ertz horiek guztiak barnebilduko lituzkeen prozesu bat abiatzen saiatu gara", adierazi du alkate Agurtzane Solaberrietak. Zaintzaren bueltako sare bat osatu dute sektoreko profesional, langile, zaintza behar duten herrikide, senide, elkarte, erakundeetako ordezkari, mugimendu feminista eta abarrekin, "elkarlana eta lankidetza ezinbestekoa izango dugulako zaintza eredu eta ekosistema oso bat eraikitzeko". Argi zioen alkateak, "ekosistema berri horren eraikuntzak kolektiboa, behetik gorakoa izan behar zuela", argi izan dute hasieratik. Helburu argi batekin; "Usurbil herri zaintzailean bihurtzea".
Etxean bezala senti daitezen
Abian duten gogoeta prozesu kolektiboak Usurbilen nola zaindu nahi dugun, nola zainduak izan nahi dugun eta horretarako zer baliabide eskaini behar dituzten erakundeek, norbanakoek eta komunitateak, galdera hauek izan ditu abiapuntu. Udalak Matia Institutuarekin elkarlanean abian jarritako prozesua da honakoa, "Usurbilen zaintza ekosistema berri bat diseinatu, eraiki eta martxan jartzea" helburu duena.
Bi aldeen urteetako lankidetzaren islada argia da prozesu hau. Bien, Udalaren eta Matiaren ekimenez Kalezarren adinekoen zaintza auzune berria eraikitzen ari dira, "proiektu berritzailea eta aitzindaria Euskal Herrian, hirigintza nahiz gizarte ikuspegitik" alkateak gogorarazi duenez. Bertan arreta eredu berritzailea eskainiko diete erabiltzaileei, "etxean egongo balira bezala senti daitezen".
Testuinguru horretan, lankidetzan sakontzeko hautua egin zuten bi aldeek; "Usurbilen zaintza ekosistema berri bat eraikitzeko lanean jarri ginen, horretarako estrategia oso bat diseinatuz". Iraupen luzeko zainketen sostengarritasuna bermatuko duen tokiko ekosistema bat osatu nahi dute, "Usurbilen errotua, oinarri komunitarioa duena, zaintza behar dutenen nahiak erdigunean jarriko dituena eta etxeetara begira dagoena". Bokazio horretan kokatu ditu alkateak Kalezarren eraikitzen ari diren adinekoen auzunea edota Ugartondon kokatuko duten Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa.
Zaintza, bizi proiektua eten gabe
Etxean bezala sentiarazteko moduko zaintza ereduaz mintzo dira, "badagoelako ebidentzia handi bat" Solaberrietaren esanetan. Zaintza behar duten pertsonen %90ak etxean zainduak izan nahi dutela diote. "Hori bada gehiengo handi baten nahia, gure buruari galdetu behar diogu erakundeok, sektoreak eta herriak, zer egin dezakegun gure herritarren nahi hori bete ahal izateko".
Usurbilen abiaturiko prozesuaren gakoetako bat hain zuzen, horixe da "zaintza arreta oso bat eraikitzea, zaintzen jarraikortasuna bermatuz, baina pertsona baten bizi proiektuan hausturarik eragin gabe". Eta beraz, "pertsona bakoitzaren lehentasun, nahi eta erabakiak lehenetsita". Izan ere, alkatearen esanetan pandemiak agerian utzi baitu adineko pertsonei emandako tratua. "Denak bat eta berdinak bailiran bezala tratatu ditugu, ahul eta menpeko". Baina Solaberrietaren hitzetan, "zaintza behar izateak ez du esan nahi babes gabeak direnik eta erabaki ezin dutenik". Hori guztia auzitan jarri eta irauli nahi du hain zuzen, Usurbilen abian den prozesuak.
"Pertsonetan oinarritutako zaintza bat behar dugu"
"Pertsonen nahi eta desioetan oinarritutako zaintza eredua nahi dugu. Lotura afektibotik zaintzen duen pertsonen zaintza ere garrantzitsua da. Zaintzaile profesionalen lan baldintzak duinak bermatzea, erantzukidetasuna, zaintzan komunitate osoa inplikatzea, eragileen arteko koordinazioa eta erakundeen konpetentzia hesiak gainditzea...". Zaintza eredu berritzailearen lanketak orain arte mahai gainean jarritako eskakizun edo lehentasunak dira, begirada edo ertz asko, prozesu honen dinamizatzaile Ainara Tomasena Matia Institutuko ordezkariak Potxoeneako agerraldian azaldu duenez. Zaintza ekosistemaz hausnarketa sakona bideratu dutela nabarmendu du, "zaintzarekin zer ikusia duten eragile guztiekin".
Orain arteko zaintza ereduak, lanok eremu pribatura mugatzen dituela gogorarazi du, nagusiki familiaren gain geratzen direla lanok eta zerbitzuetan oinarritzen dela. "Eraldaketa bat behar dugula argi dago, pertsonetan oinarritutako zaintza bat behar dugu, eremu publiko batean eta prozesu horretan komunitatea beharrezkoa dugu". Tomasenaren esanetan, "Usurbil herri zaintzaile izateko erronka hor dugu, eta horretarako, ezinbestekoa da herriaren partaidetza eta denon arteko lankidetza".
"Denok dugu zerbait egiteko zaintzaren prozesu honetan"
Prozesu aberasgarritzat jo du bertan eskuhartzen ari den DYA elkarteko ordezkari Maider Makazagak. Bi alderdi azpimarratu nahi izan ditu, "prozesu honen erdigunean pertsona bera jartzea eta lanketa hori egiteko ertz horiek guztiak kontuan hartu izana". Halako prozesu baten arrakastaren gakoa, parte hartze zabalean kokatu du; bere esanetan, "zaintza ezin da ulertu zaintza jaso eta ematen dutenen arteko harreman soil bezala". Aberasgarritzat jotzen du, prozesu honetan erabiltzaile, zaintzaile, herritar, elkarte edota erakundeen parte hartzea. "Zergatik egon behar dugu denok sartuta prozesu honetan? Denok dugulako zerbait egiteko zaintzaren prozesu honetan, denok pasako garelako une jakin batean egoera batetik edo bestetik; ni gaur zaindua izan eta bihar zaintzaile izan naiteke".