Udal dirulaguntzak digitalki tramitatzeko formazio saioa atzeratua

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 7a, 08:49

Izatez astearte honetarako, martxoaren 8rako iragarria zegoen, baina astebete atzeratzea erabaki du Usurbilgo Udalak, hilaren 14ra arte hain zuzen.

Kaleratzear ditu Usurbilgo Udalak 2022rako iragarri dituen dirulaguntzen oinarriak, interesdunek eskaerak egin ditzaten. Berriki aldaketak iragarri ditu alor honetan. Batetik, eskabideak aurkezteko moduari eragingo diona hain zuzen. "Orain arte bezala pertsona fisikoek udalean presentzialki edo telematikoki aurkeztu ahal izango dituzte dirulaguntza eskariak". Aldiz, "pertsona juridikoen kasuan, soilik telematikoki egin ahal izango dute". Deitzaileek ohartarazi dutenez, "azken urteetan, dirulaguntzen legea dela eta, hainbat aldaketa egin behar izan dituzte udaleko prozeduretan, eta oraindik ere urrats batzuk egiteko ditugu". 

Aurrerantzean, "elkarteek, pertsona juridiko gisa, telematikoki eskatu beharko dituzte dirulaguntzak, legeak hala ezarrita. Ondorioz, ziurtagiri digitalik ez duen elkarteak berau lortzeko tramitea egin beharko du Izenperen atarian". Hau guztia nola egin zalantza duenari zuzendutako formazio saioa iragarria zuen Udalak astearte honetarako, martxoaren 8rako. Dirulaguntza eskaerak digitalki tramitatzen laguntzeko formakuntza ordea astebetez atzeratzea erabaki du Udalak. Formazio saioa beraz, martxoaren 14an, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. 

Bi laguntza lerro berri
Udal dirulaguntzei dagokienez, bada beste nobedaderik ere. Bi laguntza lerro berri hain zuzen; gizarte ongizate alorreko bat, une zehatz batzuetan oinarrizko beharrak asetzeko ezintasuna dutenentzat, gainerako laguntzetatik kanpo geratzen diren herritarrei zuzendua. Momentuz 10.000 euroko partida bideratu asmo du udal gobernu taldeak lerro berri honetara. “Behar handiagoa balitz, diru partida handituko genuke”, udal gobernu taldearen esanetan. Bestea, kultur arlokoa; sortzaileei zuzendurikoa. 2021ean eta 2022an hasi edota plazaraturiko sorkuntza lanak babestera 30.000 euro bideratuko ditu udal gobernu taldeak.