Estreinakoz 2019an ospatu zen Uxue Trail mendi lasterketa solidarioa Usurbilen. Ahalegindu arren, osasun krisialdiak azken bi urteotan hitzordua errepikatzea eragotzi du, baina aurten bai, bueltan dator bigarren edizioarekin. Ekainaren 18rako iragarri duten elkartasun hitzordurako izen ematea astelehen arratsalde honetan, 19:00etan zabaltzekoa da antolakuntza.
Bi alderdi uztartzen baititu hitzorduak; batetik, Uxue Martin Usurbilgo gaztetxoak duen gaixotasun arraroa ezagutarazi nahi dute, sentsibilizazio lana egin. Eta bestetik, "sindromearen ikerketarako ere ahalik eta laguntza gehiena eman nahiko genuke", antolatzaileen esanetan. Uxuek "Phelan-McDermid" izeneko sindromea du, bestela esanda, "22q13 kromosomaren gabetzea". Gaixotasun arraro honi buruzko informazio gehiago, 22q13.org.es atarian jaso daiteke.
Laguntzeko bide ezberdinak zabalduko ditu jada antolakuntzak. Batetik, ekainaren 18an Andatza zeharkatuko duen mendi lasterketan parte hartuta. Lau aukera ezberdin: 20 kilometroko Uxue Trail Luzea, 11,5 kilometroko Uxue Trail Motza, 7,5 kilometroko Ipar Martxa eta 5,5 kilometroko Uxue Paseoa izenekoa. Lasterketa amaierarako, opariak zozketatuko dituztela iragarri du antolakuntzak. Ekimenean zuzenean parte hartu gabe ere, dortsal solidarioa erosi ahalko da gaur arratsaldetik aurrera.
500 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten 2019ko estreinako edizioan.