Koronabirusa

Positibo ez diren kontaktu estuek, berrogeialdirik egin beharrik ez

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 7a, 12:04

Orain arte txertatuak ez zirenek edo "immunodepresioren bat" zuten kontaktu estuek berrogeialdia egin beharra izan dute. Jada ez. Positibo ez diren kontaktu estuek ez dute berrogeialdirik egin beharko.

Neurriak malgutze bidean urrats berri bat aplikatzen hasiak dira jada, Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoetako gobernuek kontaktu estuen berrogeialdia ezabatzea adostu baitzuten iragan astean. Neurria larunbataz geroztik indarrean da. Covid19a zuten pertsonen hurbileko kontaktuek ez dute itxialdirik egin beharko beraz. Orain arte, txertoa jarri ez zutenek edota "immunodepresioren bat" zuten pertsonek bai isolatu beharra zuten, txertatuak zirenek ez azken aldian.

Martxoaren 5az geroztik, covid19a dutenak baino ez dira isolatu beharko astebetez. Gogoan izan, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak gogorarazten duenez, zer den kontaktu estua. "Kasu positibo baten leku berean, proba egin aurreko edo sintomak izaten hasi aurreko 48 orduetan, 2 metro baino gutxiagora eta 24 ordutan, guztira, 15 minutuz baino gehiagoz maskara etengabe eta behar bezala erabili gabe egon den edozein pertsona da".

Eusko Jaurlaritzak jada neurri berria indarrean sartu ostean, eguneratu du baita gai honi buruz online eskaintzen duen informazioa. "Kontaktu estutzat jotzen direnek ez dute etxeko berrogeialdia egin beharko, haien immunizazio-egoera gorabehera, COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak izan ezean".

Sintomak izan edota proba batean positibo eman dutenak bai, astebetez isolatu beharko dira. Kasuotan egin beharrekoaren berri, euskadi.eus atarian sartuta jaso dezakezue.