Igerileku txikia ezingo da erabili egunotan

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 8a, 11:17

Egindako azken ur analisian bakteria bat agertu da eta hura guztiz ezabatu arte prebentzio modura itxita egongo da Oiardo Kiroldegiko igerileku txikia egunotan.

Oiardo Kiroldegiko igerileku txikia egunotan itxita egongo dela ohartarazi du Usurbilgo Udalak. Antza, azken ur analisian bakteria bat agertu da. "Analisien emaitzen berri izan eta berehala egin du kontsulta Kiroldegiak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin, eta haien esanetan, ez da kezkatzeko moduko agerraldi bat, kopuru oso txikian agertu baita. Dena den, ezinbestekoa da bakteria hori guztiz ezabatzea, eta, beraz, hori hala izan arte itxita izango da igerileku txikia", Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez.

Bestela esanda, "tratamendua aplikatu, ura aztertu, eta parametro guztiak egon behar duten mailan daudenean zabalduko dute berriz" igerileku txikia. Bitarte horretan, bakteria hau tratatzeko lanetan jardungo dute egunotan. "Izatez, dagoeneko hasi dira tratamenduarekin, bakteria guztiz ezabatzeko helburuarekin", zehaztu dute Udaletik.

Ikastaroak igerileku handian
Igerileku txikian ikastaroak ere egiten dituzte. Itxita egon artean, igerileku handian egiten saiatuko direla ohartarazi dute Udaletik, gaurtik hasita. "Arratsaldean HH4 eta HH5-eko haurrei zuzendutako ikastaroa egin egingo dutela, baina igerileku handian".