Heldu da udal dirulaguntzak eskatzeko unea. Deialdion oinarriak kaleratu ditu Usurbilgo Udalak, astearte honetako (martxoak 8) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Aurten egitasmo ezberdinak burutzeko nahiz gizarte ongizaterako laguntza lerro eskaintza zabala iragarri du Udalak; tartean bi berrikuntza. Kultur sormenerako nahiz gainerako gizarte zerbitzuetako laguntzetatik kanpo geratu arren, une zehatz batean sor litezkeen beharrei aurre egiteko laguntza lerro bana.
Hemen dituzue laguntza lerro hauei guztiei buruzko xehetasunak, ondoko esteka hauetan. Eskabideak, bihartik, martxoaren 9tik aurrera aurkeztu ahalko dira:
-Kabiene elkarlan gunean urtebeteko egonaldirako ekintzaileentzako Hasiz Hazi beka deialdia.
-Hutsik diren merkataritza lokal batean jarduera ekonomiko berri bat abian jarri nahi duten ekintzaileentzako dirulaguntza deialdia.
-Kultur sorkuntzarako dirulaguntza deialdia.
-Kirol arloko dirulaguntza deialdiak.
-Gizarte zerbitzu, ingurumen, kirola, kultura, nekazaritza eta abeltzaintza alorretako dirulaguntza deialdiak.
-Etxebizitzan igogailua jartzeko dirulaguntza deialdia.
-Etxebizitza alokairuan hartzeko dirulaguntzak.
-Deserrotze eta baztertze sozialeko arriskuan dauden pertsonen senideei zuzendutako dirulaguntzak.
-Desgaitasuna edo mendekotasuna duten adin txikikoen osasun egoera hobetzeko tratamenduetarako dirulaguntzak.
Formazio saioa
Gogoan izan, bihartik, martxoaren 9tik aurkeztu ahalko diren dirulaguntza eskabideak orain arte bezala "pertsona fisikoek udalean presentzialki edo telematikoki aurkeztu ahal izango dituzte dirulaguntza eskariak". Aldiz, "pertsona juridikoen kasuan, soilik telematikoki egin ahal izango dute". Haiei zuzenduta, eskabideak online aurkezteko zailtasunak izan ditzaketenei zuzenduta, izatez astearte honetarako, martxoaren 8rako formazio saioa antolatua zuen Usurbilgo Udalak. Baina azkenean martxoaren 14ra atzeratzea erabaki du. Formazio saio hau beraz, datorren astelehenean, hilaren 14an izango da, arratsaldeko 18:00etan hasita Potxoenean.