Ate irekien jardunaldia gaur Lanbide Eskolan

Ate irekien jardunaldia antolatu du Lanbide Eskolak asteazken honetarako, martxoaren 9rako, hurrengo ikasturtean Zubietako ikastetxeko proiektuan murgildu daitezkeen DBH eta Batxilergoko ikasleentzat.

Aurrematrikulazioa ekainean bideratu beharko den arren, “etorkizunean zer egin nahi duten pentsatzen hasiak” diren DBH eta Batxilergoko ikasleei duten erdi eta goi mailako zikloen eskaintza eta dituzten azpiegiturak ezagutzeko aukera eskainiko die laster Usurbilgo Lanbide Eskolak. Ate irekien eguna antolatu dute asteazkenerako, martxoaren 9rako. Bi saio hain zuzen: 17:00etan erdi mailako zikloen aurkezpena eta ordubete beranduago goi mailako zikloena. Bertara joateko ordea hitzordua aurrez lhusurbil.eus atari bidez eskatzea galdegin dute.

Bi aldaketa iragarri ditu Lanbide Eskolak duten hezkuntza proiektuan. “Ikasturte honetan berrikuntza moduan, lehen mailako ikasle guztiak joango dira enpresara martxotik maiatzera. Asteko bi egunetan enpresa batean jardungo dira lanean eta beste hiru egunetan eskolara joango dira ikasketak indartzera”. Urrats berri bat, ikasleak enpresen munduan murgildu eta lantegiekin hartuemanak estutzeko egina duten apustuaren baitan. Bigarren ikasturtean, enpresa batean hiru hilabeteko egonaldia egiteko aukerari ere eusten diote, baita Dual programari ere. Kasu honetan, “urte oso batean zehar ikasketak uztartzen dituzte enpresa batean, kontratuarekin lan eginez”, Lanbide Eskolatik berri eman dutenez.

Erasmus-en itzulera
Covid19ak eragindako osasun krisialdiak bertan behera utzitako Erasmus proiektuaren itzulera ere iragarri du Lanbide Eskolak. Egitasmo honen baitan ikasleek atzerrian praktikak egiteko aukera izaten dute. Iaz etendako proiektuan lanean segi dute Zubietan kokaturiko ikastetxean, “atzerriko enpresekin harremanak sendotuz. Horrela, ikasturte honetan bertan, Europako herrialde ezberdinetan egin ahal izango dituzte beraien lan praktikak ikasleek”.

Berrikuntza gehiago. STEAM prestakuntza osagarria abiarazi du ikasturte honetan, Erdi Mailako zikloetako ikasleentzat; astean 6 orduko errefortzua, “Robotika eta Programazioa (Arduino, Scratch, Python), Matematika, Fisika, Kimika, Gaztelania eta Pentsamendu Kritikoa” lantzeko.

Lanbide Eskolaren eskaintza
Erdi Mailako zikloak
Administrazio Kudeaketa
Instalazio Elektrikoak eta Automatikoak
Hozteko eta Beroa sortzeko Instalazioak
Mekanizazioa

Goi Mailako zikloak

Administrazioa eta Finantzak
Automatizazio eta Robotika Industriala
Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa
Fluido Instalakuntzen eta Instalakuntza Termikoen Mantenua
Energia Eraginkortasuna eta Eguzki Energia Termikoa 
Energia Berriztagarriak

Informazio gehiago:
lhusurbil.eus

943 364 600
adkomunikazioa@lhusurbil.eus