Martxoak 8

"Zaintza sistema komunitario publiko bat behar dugu"

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 9a, 12:09

Bizitzak erdigunean kokatzeko beharra aldarrikatuz eta zaintza sistema komunitario publiko bat galdeginez amaitu zuten bart Mikel Laboa plazan, Kafe Tertuliak antolaturiko Martxoaren 8ko manifestazioa. Eskua emanda dantzan.

Belaunaldi ezberdinetako herriko emakumeak elkarri eskua emanda eta Mikel Laboa plazan dantzan amaitu zuten bart, Kafe Tertulia Usurbilgo neska* gazteen talde feministak, herria zeharkatu zuen Martxoaren 8aren harira antolaturiko manifestazioa.

Zaintza sistema komunitario publiko baten beharra aldarrikatzen zuen ondoko manifestua plazaratu zuten.


#M8 MANIFESTUA
Azken urteetan mugimendu feministak mahai gainean jarri du mobilizatzeko ahalmena eta kapitalaren aurrean bizitzak erdigunean jartzeko aldarria. Testuinguru sozial honetan, Neska* Gazteok ere bidea egin dugu, sufritutako problematika zehatzak salatuz eta sistema arrakalatuz. Bidean, baina, errealitate gordin ugarirekin topo egin dugu, horien artean sistema cisheteropatriarkala feminismoaren olatua bereganatu nahi izatearekin edo pandemia mundial batekin.

Egoera hauek guztiek argi utzi dute kolapso eta krisi anizkoitz baten erdian bizi garela eta, hori konponduko duen aldaketa erradikal bat gauzatu nahi badugu, bizitzak erdigunean kokatu beharra dugula. Izaki autonomoak ez garen heinean, zaintzak guztiok behar ditugu, baina kapitala lehenesten duen sistema patriarkal eta arrazista honetan ez dago horretarako lekurik. Sistema honi berdin zaio modu desorekatuan banaturik dauden zaintza lan asko aitortu gabeak izateak edo beste hainbatek zaintzarako eskubiderik ez izateak.

Honek Neska* Gazteongan eragin zuzena du, kontsumoan eta maitasun erromantikoaren ideologian oinarritutako harreman ereduak, gorputz hegemonikoen edertasun kanonak edo eta antsietatea, depresioa eta elikadura-nahasmenduak bezalako ondorio psikosozialak sorrarazi baitizkigulako. Baina Neska* Gazteok nazkaturik gaude! Zaintza sistema komunitario publiko bat behar dugu eta, badakigunez sistema heteropatriarkal kapitalista honetan bizitza erdigunean ezin izango dugula jarri, sistema bera errotik moztuko dugu! Sistema honetan zaintzea erradikala delako, Neska* Gazteok borrokan gaude!

Zapaltzen gaituen sistemari sua!
Atzo, gaur eta beti, gora borroka feminista!

#ZaintzaGabeBizitzarikEz
#NeskaGazteokBorrokanGaude