Usurbildik ere ukrainar herriari babesa

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 9a, 13:01

EAE-ko gainerako udalerrietan bezala, EUDEL-ek deitutako mobilizaziorako deiarekin bat egin du baita Usurbilgo Udalak. Elkarretaratzea egin dute eguerdian udaletxe atarian.

Ukrainar herriari babesa adierazteko asteazken eguerdi honetarako, martxoak 9, EAE-ko udalerrietan mobilizatzeko deia egina zuen Euskadiko Udalen Elkarteak, EUDEL-ek. Udalei mobilizaziook antolatzeko gonbita luzatua zien. Usurbilgo Udalak deialdiarekin bat egin eta elkarretaratzea egin du eguerdian udaletxe atarian. "Udal-gobernuen babesa eta elkartasuna helaraztea" helburu zuen elkarretaratzean batu dira udalbatza osatzen duten udal taldeetako ordezkariak, zenbait herritar eta udal langilerekin batera. 

Ordu berean bost minutuko elkarretaratze isilak zeuden deituak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerrietan, "toki entitateek Errusiak Ukraina inbaditzeari eta horrek eragiten duen sufrimendu eta suntsipenari, eta milioika pertsonen behartutako exodoari uko" egiteko.

EUDEL-etik berri eman dutenez, Euskadiko Udalen Elkartea osatzen duten tokiko erakundeek aipatu bilguneak bertan koordinaturik, "600 harrera toki baino gehiago jarri dituzte Ukrainako errefuxiatuen lehen etorreraren eskura, hasierako dispositibo gisa". Haietatik 147 Gipuzkoan; gainerako 154ak Araban eta beste 336 Bizkaian. "Gehienak etxebizitzak, pisuak, aterpetxeak eta mota guztietako egoitzak dira", EUDEL-en esanetan. 

Modu honetan, EUDEL-en asmoa, "Ukrainako herritarrei laguntza duina, ordenatua eta eraginkorra ematea da" EAE-ko udalerrietan. Udalen baliabideen zerrenda helarazi dio aipatu elkarteak Eusko Jaurlaritzari. "Gainerako erakundeekin elkarlanean jarraituko du, baita gizarte-entitateekin ere, sortzen diren balizko premiei erantzuna emateko".