Karta joko ezagunak zaletu mordoa du inguruotan. Haientzat pizgarri berri bat laster; Euskal Herriko Mus Txapelketa. Iaz osasun krisialdiak eten ostean, bueltan dator joko ezagunari lotutako nazio mailako lehia. Lehen fase betean da jada, herri mailako sailkapen probetan. Ohi den moduan, Euskal Herriko Mus Federazioak antolaturiko ekimenarekin bat egin du Usurbilek ere, eta Aitzaga Elkarteak antolatutako saioa izango da, larunbatean, martxoaren 12an; arratsaldeko 16:30etan hasita aipatu elkartean bertan, Saizar eta Aginaga sagardotegiek eta Bruño marisko etxeak lagunduta. Ordu erdi lehenago zabalduko dute izen ematea.
Emaitza onenak eskuratzen dituzten herri bakoitzeko bikoteak martxoaren 26 eta 27ko asteburuan egingo diren herrialde mailako finaletarako sailkatuko dira. Euskal Herri mailakoa aldiz, Baigorrin ospatuko da apirilaren 9an.
Txapeldunek, garaikurra, 3.000 euro eta Karibera joateko lau lagunentzako bidaia irabaziko dute. Txapeldun ordeek garaikurra 1.500 euro eta bi lagunentzako Kariberako bidaia. Hirugarren bikote sailkatuak 750 euro eta asteburuko egonaldia lau lagunentzat. Laugarren bikote sailkatuak 500 euro eta euskara ikasteko urte osorako bi matrikula. Bosgarren postutik zortzigarrenera sailkaturiko bikoteek 250 euro, bederatzigarrenetik hamaseigarrenera sailkaturikoek 100 euro.
Herrialde mailako finalean bestalde, "txapelak, garaikurrak, asteburuko egonaldiak, bazkari eta afariak..." izango dira jokoan.
Aurreko edizioko finala jokatzeke
Hamahirugarren edizioa martxan duten arren, aurrekoa oraindik guztiz amaitzeke dute. Aipatu moduan, osasun krisialdiak 2021ean Euskal Herriko Mus Txapelketa jokatzea eragotzi zuen. 2020koa ospatu zen, baina finala ez; etxeratze agindu orokorra heldu zen urte hartako martxoaren 14an egitekoa zuten final nazionala Zigoitian, Araban. Baina bistan denez bertan behera utzi beharra izan zuten saioa.
Bigarrenez ahalegindu ziren iazko abenduaren 18an baina osasun krisialdiak berriz eragotzi zien. Oraingoan badirudi baietz, ospatu ahalko dela bi urteko atzerapenarekin Euskal Herriko Mus Txapelketaren 2020ko edizioko azken neurketa. Apirilaren 2an izango da, Leitzan. 128 bikote lehiatuko dira, tartean, hitzordurako bi bikote usurbildar daude sailkatuak; Mikel Aranburu-Unai Imaz eta Juantxo Iraola-Aitor Makazaga.
Informazio gehiagorako, ehmus.eus