Joan Mari Torrealdaik erabat amaitu gabe utzi behar izan zuen bere hurrengo eta azken liburua “Egunkaria. Gizarte Zibilaren arrakasta”. Amaitzea ezinezkoa izango zuela ikusita, Joanmari Larrarte Egunkariako kide izandakoari eman zion lana amaitzeko betekizuna. Urte amaieran plazaratu zuten.
Eta aurkezteko garaia da orain. Usurbilgo Udalaren eskutik, “Egunkaria. Gizarte Zibilaren arrakasta” liburua aurkeztuko dute larunbatean, martxoak 12, eguerdiko 12:00etan Sutegin. Hitzordurako izena aurrez eman daiteke usurbilkultura.eus plataforman.
Sorreratik itxierara arteko kontakizuna
1990ean sortu eta martxan jarri zuten Euskaldunon Egunkaria, ekimen herrikoiari esker, baina 2003an itxi egin zuten Espainiako Auzitegi Nazionalaren agindupean. Egunkariaren sorrera gatazkatsua izan zen, gizartetik eratutako Egunkaria Sortzen taldearen eta garai hartako Eusko Jaurlaritzaren artean ika-mikak izan baitziren. Amaiera are eta gatazkatsuago eta bortitzagoa izan zen; Guardia Zibilak itxi egin zuen, eta bertako hainbat arduradun atxilotu, torturatu eta kartzelara bidali zituzten. Horien artean, Joan Mari Torrealdai.
Hark lehen pertsonan bizi izan zuen prozesu osoa. Hasieratik hartu zuen parte Egunkaria Sortzen taldean, eta ordutik Administrazio Kontseiluko kide izan zen, eta lehendakari ere egin zuten azken urteetan. Plazaratu berri duten liburuan gertaera horien kontaketa egiten du: sorreratik itxierara eta ondorengo epaiketara artean bizi izan zituen momentuak. Bizipenetan oinarritutako kontaketa da, gogoeta pertsonalekin mamitu eta indartua.