Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren bueltan Usurbilgo Udalak herri eragileekin batera abian duen "Aktibatzen" prozesuaren baitan, herritarrekin bilera irekiak iragarriak zituen. Lehen saioa, ostegunerako, martxoaren 10erako deitu du, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. Herrian dugun kirol eskaintza eta instalakuntzak hartuko dituzte ahotan. Bigarren saio bat ere antolatzekoak dira, ordu eta leku berean, baina hilaren 31n.
Galdetegiak ehunka erantzun
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren inguruan "kirol politikak modu zabal eta inklusibo batean garatu ahal izateko" Usurbilgo Udalak herri eragileekin batera abian duen "Aktibatzen" izeneko prozesuaren baitan, galdetegi bat betetzeko aukera izan zen otsailaren 7tik 18ra. Deialdiak parte hartzea sustatu du. Udalak zehaztu duenez, 401 herritarrek bete dute aipatu galdetegia, eta hauei DBH zikloko beste 220 ikasle inguruk erantzundako aparteko beste hainbeste galdetegi batu behar.
Galdetegioz gain, hainbat bilera egin ditu jada Udalak kirol arloko herri eragileekin. "Harrera ona izan dute bai taldeekin egindako bilerek, bai galdetegiak: parte-hartze zabala izateak herriko jarduera fisikoaren eta kirolaren argazki zehatzagoa izaten lagunduko digu”, nabarmendu du Beñat Larrañaga kirol zinegotziak. Orain arte bildutako emaitzak prozesu amaieran aurkeztu asmo dituzte.