Jexux Mari Errekondo Aizpurua zendu da asteazken honetan, 92 urte zituen. Bederatzi hamarkadetako ibilbide luze horretan, hamaika bizipen izanik zaila da laburbiltzea, baina bere heriotza albiste honetara badakarkigu besteak beste, herrigintzari egindako ekarpen zabalagatik da.
Jaiotzetik Usurbil eta Zubietari lotua. Ahotsak.eus atarian irakur dezakegun moduan, "Arruenea Berrin jaio zen, sei senideren artean bosgarren. Aita Usurbilgoa zuten eta ama Zubietakoa. Gerra hasi zenean, amaren baserrira joan ziren Zubietara, eta 1956an itzuli ziren Usurbilera bizitzera. Baserriko lanetan gogor aritutakoa, Usurbilen eta Andoainen ikasi zuen. Baserrian sagardo asko ekoizten zuten gero saltzeko, eta hartarako osabak handik eta hemendik ekarritako makinen laguntza izaten zuten. Erreboteko jokalaria izandakoa, 1956tik erretiroa hartu arte zerrategian egin izan du lan, eta ondo ezagutzen ditu zuhaitzen gaineko kontuak. Udaletxean ere egin izan du lan, lehenengo Francoren garaian, eta geroago Franco hil ostean: hirigintzako lanen arduraduna izan zen, eta baserrietako telefonoa eta ura jarri zuten orduan, besteak beste. Usurbilgo ikastolaren sortzaileetariko bat izan zen, eta baserritarren sindikatuan ere egin zuen lan".
Sortzailea, eragilea, babeslea...
Zaila izango da, eta lerrootan ezingo dugu aipatu zenbat eta zenbat herri dinamiketan parte hartu duen. Zenbat egitasmoren bultzatzaile izan den. Esaterako, Aitzaga elkartearen sortzaileetako bat izan zen. Auzitegi Nazionalaren aginduz sei urtez itxita egon ostean, berak kendu zizkion kateak herriko tabernaren sarbideari.
Presoen eskubideen aldeko dinamiketan, euskalgintzan, besteak beste, Kantu Taldeko partaide izandakoa dugu. Ondoko bideoetako batean, Gipuzkoa Zutik mugimenduari babesa emateko Donostian egindako saioan bota zuen bertsoa entzun dezakezue. Ikastolaren sortzaileetako bat izan zen.
Euskal Herriko hizkerak eta auzoko ondarea biltzen duen ahotsak.eus atarian. Bere hamaika bizipen, pasadizo eta lekuko izan zuten gertakari hainbat ere kontatzen ditu webgune horretan; erreboteaz, sagardogintzaz, udalgintzaz, lantokia zuen zerrategiaz...
Kirolean, Zubietako Yoko Garbi kirol elkarteko kide izan zen. Errebotean aritzeaz gain, "Sagarrarena" izeneko futbol taldeko kidea izan zen, "Usurbilgo baserriak eta baserritarrak" argitalpenean irakurri ahal izan dugunez. Taldeko argazkia, familiarenarekin batera dituzue segidan.
Azken agurra
92 urterekin zendu den usurbildarraren gorpu beila Usurbilgo beilatokian egingo da ostegun honetan, martxoak 10, ordutegi honetan: 10:00-13:00/16:00-20:00. Hileta elizkizuna aldiz, ostiral arratsaldean, 18:00etan, Salbatore elizan.

