Maitere Alkorta zendu da

Noaua Aldizkaria 2022ko martxoaren 10a

Herrian hainbat sorkuntza lanetan umoregile nahiz antzezle gisa, herritarrei irri eginaraziz ikusi genuena zendu da.

Maitere Alkorta Lizargarate zendu da, 71 urte zituela. Herrigintzan bereziki antzerkigintzan ikusi genuen, umoregile gisa, barre eginarazten abilezia bikaina zuen.

Ibilbide horren zertzelada batzuk aipatzekotan, Usurbilgo historiaren pasarte ezberdinak gogora ekartzen zituen "Sarrailako giltza" herri antzerkia izango duzue gogoan. 2005eko ekainean estreinatu zuten frontoian. Eta hantxe zen Maitere.

Txerriki antzerki taldeko kidea izan zen. 2008ko apirilean estreinakoz antolatu zuten Lehen Kale Antzerki Egunean "Txarraka... show" emanaldian parte hartu zuen. Emanaldiak izandako arrakasta itzelak herriko mugak gainditu zituen eta antzezlan berri bat ondu zuten urte hartako jaietarako.

2015eko urrian Usurbilen ospatu zen Kilometroak jaialdiaren irudi eta leloa aurkezteko Oiardo Kiroldegian egindako herri ikuskizunean ere oholtza gainean ikusi genuen, "Usurbildarrek daukate sagardo alkate" abesten eta antzezle lanetan.

Azkenekoz, covid19ak eragindako osasun krisialdiaren aurretik igo zen oholtza gainera. 2019ko otsailean izan zen. Gure Pakea Elkarteak antolaturiko Jubilatu Astearen baitan, Ixabel Agirresarobek zuzenduriko "Halako batean bagoaz Benidorrera!" izeneko antzezlanaren estreinaldian parte hartu zuen Sutegiko auditorioan.  Ondoko irudian duzue Maitere Alkorta, antzezlan hartan kide izan zituenekin; bere alboan, 2020ko abuztuan zendu zen anaia Pako. “Jendea etor dadila. Tarte atsegin bat biziko duzue, etorri. Barre egingo duzue gogotik”, adierazi zion antzezlan haren estreinaldiaren aurretik NOAUA!ri Maitere Alkortak.

Ostiralean 16:00-20:00 artean eta larunbatean 10:00-12:00 artean egingo da bere gorpu beila Usurbilgo beilatokian, eta larunbatean 18:30etan hileta elizkizuna Salbatore elizan.