Astebeteko atzerapenarekin ari dira N-634 errepideko hobekuntza lanetan

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 10a, 08:27

Hala ohartarazi dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Usurbilgo Udalari. Gogoan izan, hirutan aldatu dutela lanon amaiera eguna; iragan astean, martxoaren 25ean bukatzea aurreikusten zutela berri emana zuten.

Aurreikusi baino luzeago jo dezakete Troia eta Txikierdi artean, N-634 errepidean egiten ari diren hobekuntza lanek. Gogoan izan, otsailaren 18an, aurrez jakinarazi gabe hasi zituzten lanok ibilgailuen ilara luzeak eragin zituzten N-634 errepidean Donostiara bidean nahiz Usurbil aldera etortzeko noranzkoan, baita inguruko bideetan ere. 

Hasieran hamabost eguneko tartean amaitzekoak zituzten lanok, gero martxoaren 18an bukatuko zituztela ohartarazi duten. Iragan astean hilaren 25ean jarri zuten amaiera data berria. Baina are gehiago luzatu litezke lanok. Usurbilgo Udalak azken orduotan ohartarazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi dio astebeteko atzerapenarekin ari direla lanean udalerri hau alderik alde zeharkatzen duen errepidean. 

Gogoan izan, N-634 errepide ertzeko babes-horma berritzen ari dira, euste elementuak egoera arriskutsuan zeudelako. Lan hau amaitu eta segidan “Troiako sarrera-irteera inguruan hasiko dira lanean”. Lan zailagoak izango dira, "tarte motzagoa izan arren, obraz gain, makinaria sartzeko leku gutxiago izango dutelako. Horregatik, eta udalak ahalegina egiteko eskatu arren, oinezkoen pasabidea deuseztatu egingo dute, segurtasunagatik", udalak aditzera eman duenez. Lan hauek irauten duten bitartean, Troiatik N634 errepidera sartzen diren ibilgailuek Donostiarako noranzkoa baino ezingo dute hartu. Gauzak ondo, martxoaren 25ean amaituko dira lanak.Adi beraz asteotan, errepide hau baliatu behar izanez gero.