"Aktibatzen" doa herria, izen bera daraman udal eta herri eragileen egitasmoak dioen moduan. Ostegun honetan egin dute Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren inguruan herrian abian den parte hartze prozesuari lotutako lehen bilera herritarrekin. Bi gai aztertu dituzte; batetik herriko kirol eskaintzaz hausnartu dute; zer ekintza antolatu daitezkeen, norekin, nola... Eta non, kirol instalakuntzez ere aritu baitira gaurko saioan.
Lanketarako abiapuntu gisa aurreko asteetan herritarren eskuragarri jarritako galdetegiak baliatu dituzte. Galdetegiotan herritarrek emandako erantzunak. Guztira 600 usurbildarrek baino gehiagok, biztanleriaren %10ak parte hartu baitzuen deialdian; 401 herritarrek eta DBH zikloko 220 ikasleek aparteko beste galdetegi bana bete zuten.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren inguruan "kirol politikak modu zabal eta inklusibo batean garatu ahal izateko" abian duten "Aktibatzen" izeneko prozesuaren baitan, datorren saioa, martxoaren 31rako iragarria zuten arren, astebete aurreratu dute, hilaren 24ra, gaur hitzordua antolatua zuten ordu eta leku berean, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. Herritarrekin egingo duten bigarren saio honetan Eskola Kirolaren gaia hartuko dute ahotan.