Euskal Herria ez da ia inoiz kolonialismoarekin lotu, baina ikerketak egiten hasi dira hainbat historialari. Munduko hainbat txokotan esklabutza babestu zuten pertsonaia famatuen irudiak kentzen ari dira, eta Euskal Herrian, gure herritarrek egindakoak aztertzen hasi dira.
Orain arte gutxi hitz egin bada ere, euskaldun batzuek modu batera edo bestera esklabotzan parte hartu zuten, zela Sevilla inguruan Afrikatik ekarritako esklaboak Europa edo Ameriketara eramaten, zela Asia aldeko bidea hartuta. Euskaldunek 10.000 esklabo inguru garraiatu zituztela uste dute XVI.mende ingurura arte. Gerora, Jose Matia Calvo esklabista, Euskal Herrian izandako esanguratsuenetakoa, 124.000 esklaboren garraioaren atzean egon omen zen. Iparraldean ere, esklaboen garraioa oso zabalduta zegoen. Baionara 4.500 inguru deportatu zituzten, eta oraindik ere Miarritzeko zonalde bati beltzen zonaldea deitzen diete. Gisa horretako hainbat adibide daude Euskal Herrian.