Gazte Eguna

Musikaz blai dator afaritan biltzeko aukera emango duen Gazte Eguna

Noaua Aldizkaria 2022ko martxoaren 11

Ostiral honetan ekingo diote hitzorduei zineforumarekin. Gazte lokalaren irekierarekin batera, musikaz blai datorkigu larunbateko Gazte Eguna.

Osasun krisialdia tarteko 2020ko eta 2021eko edizioak hausnarketarako nahiz mobilizaziorako baliatu ostean, hirugarrenean bai. Pandemia aurreko eredua berreskuratu du Aztarrika Gazte Asanbladak eta 2019koaren tankerako Gazte Eguna ospatuko da larunbatean. Azken asteotan aritu dira guztia lotzen, osasun larrialdi egoera eta neurri murriztaile gehienak bertan behera geratu ostean.

Pizgarri nabarmen bat izango du edizio honek; aurrerantzean Artzabalen kokatuko den gazte mugimenduaren lokal berriaren irekiera. Girotzen hasteko, bezpera honetan, zineforuma antolatu dute 22:00etan frontoian; Gasteizko gaztetxearen inguruko dokumental bat proiektatu asmo dute.

Aipatu moduan, gazte lokalaren irekierarekin batera, osasun krisialdian murgildu ginenez geroztik lehen gazte afaria antolatu dute martxoaren 12rako Askatasuna plazan. Gogoan izan, agortu ez badira, txartelak Aitzagan dituzue salgai. Txartelarekin batera, kamiseta ere eskuratu ahalko duzue.

Afalaurrea eta afalostea musikaz blaitzea erabaki dute gazte asanbladakoek. Afalaurretik dj ibiltari bat programatu dute poteo garairako, eta afalosterako kontzertu gaua. Hasieran plazaraturiko karteletik aldaketak izan dira; Makulu Ken eta Zailek taldeen kontzertu bana zegoen iragarria. Baina Zailek taldekoek ezingo dute etorri eta Odolaren Mintzoa herriko musika taldeak girotuko du aipatu kontzertu gaua. DJ batek luzatuko du festa giroa goizaldera arte.

GAZTE EGUNA
Martxoak 11, ostirala
22:00 Zineforuma frontoian.

Martxoak 12, larunbata
11:00 Gazte lokalaren inaugurazioa, Usurbilgo gazte mugimenduaren lokalean.
18:30 Dj Ibiltaria Askatasuna plazatik hasita.
21:00 Gazte afaria.
Txartelak Aitzagan salgai. Txartelarekin batera kamiseta.
23:30 Kontzertu gaua Askatasuna plazan: Makulu Ken eta Odolaren Mintzoa.
Ondoren, DJ-a.

Antolatzailea: Aztarrika Gazte Asanblada.