Gazte Eguna

"Gazte eragileen elkargune libre bat" izatea nahi dute gazte lokal berria

Noaua Aldizkaria 2022ko martxoaren 11

Larunbateko Gazte Egunaren baitan irekiko dute, goizeko 11:00etan, gazte eragile eta oro har gazteen topagune izan nahi duen egoitza. Artzabalen kokatuko da.

Usurbilgo gazte mugimenduak egoitza berri bat izango du larunbatetik, martxoaren 12tik aurrera. Artzabal izango da gazteon nahiz eremu honetako eragileon topagunea aurrerantzean. Garai batean, Zumarte Musika Eskolako eraikina birgaitzen ari ziren artean, musika eskolakoek baliatu zuten bulego gisa; azken aldian herriko memoria historikoa berreskuratzeko lanean ari den Usurbil 1936 elkartearen egoitza izan da.

Bihartik aurrera, gazte mugimenduaren elkargunean bilakatuko da aipatu lokala. Udalaren jabetzakoa, gazte mugimenduaren esku geratuko dena orain. "Erabilpen hau formaltzeko hitzarmen bat lantzen ari gara", berri eman du azken orduotan Luken Arkarazo kultur arloko udal zinegotziak. Azken hilabeteotan bai Udalak bai gazte mugimenduak bideraturiko lankidetzaren emaitza izan da lokal hau uztea. Usurbil 1936 elkarteko kideekin adostu dute, Zumarte Musika Eskolaren eraikin berrituan Orbeldi Dantza Taldeak utzitako espazio hutsera lekuz aldatzea.


"Usurbilgo gazte eragile ezberdinak lokal hori erabiltzeko prest gaude", adierazi du ostegun honetan Potxoenean egin duten agerraldi bidez, Usurbilgo gazte mugimenduko kide Malen Arregik. Abian dituzte garabidean jarri nahi dituzten hainbat egitasmo. Nolako lokala izatea nahi luketen ere zehaztu du. "Gazte eragile ezberdinen elkargune libre bat izatea nahi dugu", edozein gazteri irekia egongo dena. Gazteriari zuzenduriko gonbita argia beraz, bertaratzekoa.

Larunbateko Gazte Eguna baliatuko dute egoitza honen irekierarako; larunbat goizeko 11:00etan izango da, Artzabalen. Bertan "gazte espazioen inguruan jarraituko dugu hausnartzen" Jon Mikel Azpiazuren esanetan. Horretan dihardute eta, gazte espazioen inguruko lanketan. Artzabalgo egoitza behin behineko topagunetzat dute. "Ekintza guztien motor eta elkargune nagusia izango da, baina herriko beste txoko eta gune desberdinak, baditugula dezente, erabiltzen jarraitzeko asmotan gaude", iragarri dute. Esker oneko agertu dira Udalarekin.

"Animatu bertaratzera eta lokala ezagutzera", luzatu dute gonbita. Irekiera larunbat goizeko 11:00etan.